Zaleei eta laguntzaileei eskertza Athletic Plazagatik

Zaleei eta laguntzaileei eskertza Athletic Plazagatik

Athletic Clubek Villarreal CF-en aurkako partidaren aurretik San Mameseko zabalgunean antolatutako ekitaldiak izandako erantzun bikaina azpimarratu du eta esperientzia errepikatzeko lanean ari da

Athletic Clubek bere poza adierazi nahi du gure zaleek Athletic Plaza jai-ekimenaren estreinaldian izan zuten harreragatik. Izan ere, ekitaldi horrek Villarreal CF-en aurkako partidaren aurreko orduetan San Mameseko zabalgunea girotzeko balio izan zuen, eta, horrela, gure oraina eta etorkizuna diren 10.000 zale zuri-gorri bildu ziren egun osoan, bereziki haurrak dituzten familiak. Athletic Club Fundaziotik eta Klubetik bertatik zehaztutako jarduerekin gozatu zuten. 

Ibaiganek eskerrak eman nahi dizkie esperientziari forma ematen parte hartu zuten pertsona eta erakunde guztiei (BBK, Kutxabank, IMQ, San Miguel, BM, Audiogroup, Euskofriz eta Printhaus), baita Bilboko Udalak eskainitako laguntza baliotsuari ere.

Azpimarratzekoa da umeentzako jarduerak (puzgarriak, giza futbolina, tailerrak), Gatibu taldearen emanaldiarekin eta bertaratutakoei janaria eta edaria eskaini zieten zortzi Food truck eta txoznarekin ezin hobeto uztartu zirela. Zentzu honetan, zonaldeko bizilagunak ere nabarmendu behar dira, Athleticen beharrak ulertzeko mailan egon baitziren.

Era berean, jarduera sozialei emandako erantzun handia nabarmendu zen: Kooperako arropa biltzea, Elikagaien Bankuarena eta Osakidetzak jarritako odola emateko postua, 40 ateraldi lortu baitzituen.

Kluba esperientzia gehiagotan errepikatzeko lanean ari da, hobekuntzak leuntzen eta zerbitzu ludiko zabalagoa eskaintzen saiatuz.

Ana Diezek, proiektuan parte hartu duen Zuzendaritza-Batzordeko kideak, ilusio handiz hartu du ekimen honen lehen edizioa: "Jendeak ekitaldian parte hartzeko izandako ilusioarekin, seme-alaben gozamenerako ilarei pazientziaz itxaron zieten ehunka familiekin eta Gatiburen kontzertuan gazteen ordena eta gogo biziarekin geratu gara. Jarduera honekin, Athleticek alde guztietatik irabazten du".

Bestalde, Borja Gonzalez Negozio eta Berrikuntzako zuzendariak nabarmendu duenez, "alde guztiek parte hartu dute jarduera festa zuri-gorri handi gisa bizitzeko. Esponsoreek eta parte-hartzaileek oso positibotzat jo dute Athletic Plazan egotea, San Mamesera joateko beste gozagarri bat baita".