
Athletic Plaza San Mameseko emakumezkoen derbiaz gozatzeko
Athletic Plaza San Mameseko emakumezkoen derbiaz gozatzeko
Zabaldegiak Bertsoderbia eta beste jarduera asko eskainiko ditu euskara bultzatzeko eta berdintasuna sustatzeko festa handian
Athletic Clubek San Mames aurreko zabaldegian Fan Zone bat antolatzea erabaki du, Athletic Clubek eta Realak larunbatean jokatuko duten derbiaren atarian, Villarrealen aurkako partidan estreinatu zen Athletic Plaza proiektuari jarraipena emanez. Jarduerak 12etan hasiko dira eta partida hasi baino ordubete lehenago amaituko dira. Fan Zonak bi taldeek 2012tik egiten duten Bertsoderbia hartuko du, topaketaren aurretik, bertaratzen diren pertsona guztientzat ikuskizun bikaina eskainiz. Ane Labaka eta Jone Uria izango dira Athleticen aldetik, Ane Zuazubiskar eta Eli Pagola Realaren aldetik.
Gazteek zein helduek Athletic esperientziaz gozatzeko aukera izango dute. Ekimen hau Klubak datozen lau urteetarako egingo dituen apustu handienetako biri lotuta egongo da, hala nola euskararen erabilera bultzatzea, Euskaraldiarekin elkarlanean, eta berdintasuna sustatzea. Horrela, emakumeen kirolaren zale eta euskaltzaleen topaketa bihurtuko da festa hau.
Zabaldegiaren ezkerraldean, Euskaraldiaren eta #Berdinaldia-ren karpa nagusiak nabarmenduko diren lekuan, giza futbolin bat, bonbonera bat, erregate-pista bat, eSports, hiru puzgarri, pintakarak, txapa tailerra, sarien errulera eta bi food truck ere jarriko dira.
Beste aldean musika eta gastronomia izango dira protagonistak, lau food truck eta bi txosnarekin. Erraldoiak eta zanpantzarrak, haurrentzako emanaldia 13:00etatik 14:00etara (Kantu kolore), erromeria Bizkai Folklore Elkartearekin (14:00etatik 15:00etara), Bertsoderbia (17:00etatik 18:00etara) eta musika giroa eta txaranga (18:00etatik 19:00etara) izango dira.
Zelai barruan, 19:00etatik aurrera, Xabi Solanok eta Zigor DZ-k kontzertua eskainiko dute, 45 minutuz, derbia ikustera bertaratzen diren guztietntzat.