"San Mameseko giroak lagundu egin behar digu"

"San Mameseko giroak lagundu egin behar digu"

Oihane Hernandez eta Oihane Valdezate, gogotsu eta konfiantzaz Katedralean jokatuko den Realaren aurkako derbiari begira (larunbata 20:00etan)

Bihar, larunbata, San Mamesen jokatuko den euskal derbia (20:00etan) hemen da. Oihane Valdezate eta Oihane Hernandez, Athletic Clubeko jokalariak, komunikabideen aurrean agertu dira Liga F-ko 9. jardunaldiko partidaren atarian. Harmailetan festa handia espero da, eta horrek gureak motibatzen ditu: "Oso berezia da, derbia delako eta San Mamesen jokatuko dugulako. Asko gozatuko dugu. Jende asko etorriko dela uste dugu eta lehenago bertan jokatutako partidetako giroa errepikatzea espero dut", adierazi du Valdezatek.

Oihane Hernandez ez da atzean geratzen eta talde zurigorriak txuriurdinen aurkako neurketari berme handienekin aurre egingo diola ohartarazi du: "Azken bi partidak irabazi ditugu eta konfiantza handia dugu datorrenari aurre egiteko. Bi taldeek dena emango dugu, baina San Mameseko giroa gure alde erabakigarria izatea espero dut garaipena lortzeko".

Lehoien aurrean Reala egongo da, Iraia Iturregik zuzentzen duen taldeari bisita eginez, aurreko jardunaldian Madrid CFF taldearen aurka galdu ostean. Hala ere, aurkari zaila da beti, Oihane Hernandezek ohartarazi duen bezala: "Jokalari onak dituzte. Badirudi haiek baloia gehiago izatea, baina prest gaude. Gure aukerak aprobetxatu behar ditugu". Valdezate baikorra da eta garaipenerako bidea jokalari zurigorrien batasunean dagoela uste du: "Taldea prest dago, indartsu eta gogotsu. Danok batera eta konfiantzaz jokatzen badugu partida irabazteko aukerak izango ditugu".