"San Mameseko porrotaren ondoren, gugan jartzen dugu arreta"

"San Mameseko porrotaren ondoren, gugan jartzen dugu arreta"

Iraia Iturregi entrenatzaile zurigorriaren ustez, iragan asteburuan porrot egiteak "akatsak zuzentzeko" balioko du bihar Villarrealen aurka neurketa on bat burutu ahal izateko

Iraia Iturregik agerraldia egin du Athletic Clubek gaur arratsaldean Valentziara abiatu aurretik. Bihar neskek Villarrealen aurka jokatuko dute Liga F-ko 10. jardunaldia Mini Estadin. Norgehiagoka 16:00etan hasiko da, hiru puntu garrantzitsu jokoan izango duelarik, sailkapenean gora egin ahal izateko.

Realaren aurka San Mamesen galdu ostean, Loiuko entrenatzaileak aitortu du ez dela "aste erraza" izan, taldeak ez zuelako esperotako maila eman: "Ez ginen gai izan gure indarra erakusteko eta ez genuen partida ona jokatu. Analisia egin dugu eta Villarreali irabazteko zer egin behar dugun aztertu dugu. Konfiantza daukagu". 

Biharko neurketari begira taldeak zer hobetu behar duen galdetuta, Iturregik argi dauka: "Gure partida egitera atera behar dugu. Lehen minututik ikusi behar dira gure asmoak. Defentsa mailan, presio biziarekin, oldarkorragoak eta sendoagoak izan behar dugu. Baloiarekin ausartak izan behar dugu. Hori eginez gero, irabazteko aukerak nabarmenak izango dira". 

Azkenik, Villarreali dagokionez, Iturregik ohartarazi du groguet taldeak bi garaipen lortu dituela aste honetan: bat ligan Madrid CFFren aurka eta bestea Kopan Espanyolen aurka, luzapenean kanporatuta: "Ziur aste honetan konfiantza irabazi dutela eta energia gehiago izango dutela. Villarrealean baino gehiago, gure arreta guregan jarri behar dugula uste dut. Bihar partida on bat egingo dugulakoan nago".

19 lehoik osasutako deialdia: Mariasun Quiñones, Amaia Peña, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate, Nekane Diez, Marta Unzue, Leyre Monente, Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Clara Pinedo, Ane Azkona, Nerea Nevado, Itxaso Uriarte, Mariana Cerro, Paula Arana, Bibiane Schulze, Ainize Barea 'Peke', Sara Ortega eta Jone Amezaga.