Athletic Club eta México

Athletic Club eta México

Gaurko egunez, azaroak 30, baina 1949an lehoiek eta 'Tri' selekzioak elkar neurtu zituzten indarrak San Mamesen

Athletic Clubek eta Guadalajarako Las Chivas talde mexikarrak abenduaren 11n (19:00etan) San Mamesen jokatuko duten partidaren atarian, herrialde mexikarrarekin zerikusia duen efemeride berezi bat gogoratu nahi dugu. 1949ko azaroaren 30ean, duela 73 urte, Mexikoko selekzioak Katedrala bisitatu zuen. Lehoien aurka jokatu zuen lagunarteko partida eta etxekoek garaipena lortu zuen, 6 goleko aldearekin: Zarra (3), Iriondo, Venancio eta Panizoren golekin.

Ordurako, Athletic Clubek bazekien zer zen talde mexikar bati aurre egitea. Talde azteka baten aurkako lehen topaketa 1935eko uztailaren 28an izan zen, Americaren aurka. Lehoiek porrota jaso zuten (2-1), Irargorrik sartu zuen zuri-gorrien aldeko gola. Athleticek zuen ospea ikaragarria zen garai hartan, eta haren bisitak ezohiko ikusmina piztu zuen herrialdean. Lehen lehia hartako kronika batean jasotzen den bezala, "atzerriko talde batek ere ez zuen jaso Mexikoko herriarengandik halako sinpatia eta miresmen erakustaldirik".

Americaren ustekabeko garaipena herrialde osoan ospatu zen, eta berehala antolatu zen denboraldi aurreko biran aurreikusi ez zen errebantxa partida bat, lehiakideen arteko mailari buruzko zalantzak uxatzeko. Hasierako norgehiagokak ikusmina piztu bazuen, errebantxak edozein aurreikuspen gainditu zuen. Athleticek 5-0 irabazi zuen, Iraragorriren hat trick bati eta Bataren eta Mundo Suarezen golei esker. "Burutik oinetara lokatzez beteta zeuden, baina bilbotarren aurka ez zegoen ezer egiterik... Inork ez zuen ikusi Mexikon horrelako gaitasunik", zioen tokiko prentsan irakurri zitekeen aipamen batek.

Mexikoko lehen bira

Athletic Clubek beste hiru partida jokatu zituen 1935eko udako biraren barruan:

  • Atlanteren aurka 2-1 galdu zuen, Gorostizak egin zuen bilbotarren aldeko gola. Kronikek joko bikaina aipatzen dute, etxekoen aldetik zakarra eta emaitza engainagarria; izan ere, Athleticek Muguerzaren lesioak baldintzatuta jokatu zuen.
  • Lehoiek 3-2 irabazi zioten RC Españari birako laugarren partidan. Dirudienez, garai hartako aipamenen arabera, "neurketa aspergarria izan zen", eta jendeak protesta egin zuen kuxinak sorpilera botatzen.
  • Mexikoko lehen bira porrot handi batekin amaitu zen, Necaxaren aurka, 4-1. Patricio Caicedo Athleticeko orduko entrenatzaileak barkamena eskatu zien kazetariei, itsasontzian Orinocon zehar bidaia luze bat egin eta Bilbora itzuli zenean: "Gure jokalariak ez dira bertara hankak haustera joan".

Bigarren bira Mexikon

Athletic Clubek lur mexikarretan 1976ko maiatzaren amaieran egin zuen bira. Lehen lagunartekoa 'Tri' taldearen aurka izan zen, 1949ko aurkari bera, Bilbon jasandako porrotaren errebantxa nahi zuena. Azteca estadioan jokatutako lagunartekoa 3-0 bukatu zen Mexikoko selekzioaren alde. Gerora, honako neurketa hauek jokatu zituzten:

  • Athleticek 1-2 irabazi zien Club Veracruzeko marrazo gorriei birako bigarren norgehiagokan, Irureta eta Carlosen golekin.
  • Monterreyko UANL tigreak 1-0 gailendu ziren lehoiek Mexikon jokatu zuten azken partidan, 1976ko ekainean.

Athletic Clubek beste bi talde mexikarren aurka jokatu du ordutik. 1979ko irailean, zuri-gorriek 1-1 berdindu zuten San Mamesen Guadalajarako Unibertsitate Autonomoko Tekoen aurka. Helmut Senekowitschek, Athleticeko entrenatzaileak, Tekoak entrenatu zituen aurretik, hori izan zen lagunartekoa jokatzeko arrazoi nagusia.

Azkenik, 2015eko udan Boisera (AEB-era) egindako bisitan, bertako euskal koloniak babestuta, Athleticek 2-0 irabazi zion Club Tijuanari, Adurizen eta Beñaten golei esker. Xolosak izan dira lehoiek historian zehar izan duten azken aurkari mexikarra. Hurrengoa, Guadalajarako Chivas izango da.