Athleticek bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Athleticek bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Urteroko abenduaren 3an bezala , Klubak bat egiten du Euskal Herrian hizkuntzari eskainitako jardunaldiarekin

Urtero bezala, Athletic Clubek bat egiten du Euskararen Nazioarteko Egunarekin, Euskal Herri osoan hitz egiten den milurteko hizkuntzaren ohorez. Oso egun berezia da euskaldun guztientzat, baita Klubarentzat ere, euskara ezinbestekoa baita Athleticen ezaugarri diren jendearekiko hurbiltasunean eta gizartearekiko atxikimenduan.

Urte hauetan guztietan, euskara protagonista nagusi izan den ekimen askotan parte hartu du Klubak. Horren adibide dira, besteak beste, Bertsorderbia, Korrikako kilometro zuri-gorria edo Euskaraldiaren inguruan antolatutako ekitaldiak. Euskara ere funtsezkoa da Athletic Club Fundazioaren proiektuan, 'Letrak eta Futbola' eta 'Thinking Football' jaialdietan euskarari eskainitako jardunaldiekin, gazteen artean euskarazko irakurketa sustatzeko argitalpenekin, futbolariek ikastetxeetan eskainitako hitzaldiekin...

Euskararen Plan Estrategikoa 2022-25

Orain, eta arlo honetan ereindako guztiari jarraipena emateko konpromiso irmoarekin, Athletic Clubek jakinarazi du 2022-25eko Euskararen Plan Estrategikoarekin lanean ari dela. Plan honen helburua da giro eroso eta egokia sortzea Athleticen esparru guztietan euskara erabiltzeko, bai barneko lan-harremanetan bai kanpoora egira ere. 

Plan honek indartu egiten du Klubak euskararen normalizazioaren alde duen jarrera, eta urrats sendoak proposatzen ditu langileen artean hizkuntzaren ezagutza handitu eta erakundearen egunerokoan erabilera areagotzeko.

Ildo horretan, Athletic Clubek, entitate gisa, modu aktiboan parte hartu du Euskaraldian, euskara ulertzen dutenen ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboan. Gainera, 123 langileren parte hartzea sustatu du, Ahobizi eta Belarriprest gisa.

Euskara Eskolak 

Langileen artean euskararen ezagutza areagotzeko edo indartzeko asmoz, Athletic Clubek doako klaseak eskaintzen dizkie hala nahi dutenei. 2022-23 denboraldirako 63 langilek hartuko dute parte Athleticen Euskara Eskoletan. 

Athleticek euskara, Euskal Herriko milaka urteko hizkuntza, normalizatzeko urratsak ematen jarraituko du eragina izan dezakeen esparru guztietan, eta athleticzale guztiak bide hori elkarrekin egitera gonbidatzen ditu.