
"Las Llanasen maila altuan lehiatu behar da"
"Las Llanasen maila altuan lehiatu behar da"
Geldialdiaren ostean, Ernesto Valverdek Athleticen bertsio ona ikusten jarraitzea espero du
Ernesto Valverdek bere iritziak eman ditu lehoien Kopako bigarren partidaren atarian. Bihar gaueko 21:00etatik aurrera Sestao River taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Las Llanasen. Hilabete baino gehiago igaro da azken hitzordu ofizialetik eta Athletic Clubeko entrenatzaileak bere taldeak bide onetik jarraitzea espero du: "Ondo eta hasteko gogoz gaude. Denbora bat daramagu geldirik eta prestaketa partidek bihar datorrenerako balio izan dute. Egia esan, garai atipiko samarra izan da, eta aktibo mantendu behar izan dugu forma pixka bat mantentzeko. Hilabete ona egin dugula uste dut. Oro har, gutxi gorabehera talde guztiok egin dugu aurrera, amaitu dugun bezala. Gure asmoa, jakina, une hartan genuen joko erritmoa ez jaistea zen. Ondo joan zaigula uste dut, baina, funtsean, orain hasiko diren norgehiagokak prestatzeko prozesu bat izan da. Ez da gauza bera entrenatzea edo lehiatzea, baina ez da gauza bera ere lagunarteko batean lehiatzea edo partida ofizial batean lehiatzea. Biharkoa gainera derbia da, erabakigarria Kopa delako eta zentratuta egon behar dugu".
Entrenatzaile zuri-gorriak oso argi dauka bere jokalariek zer egin behar duten: "Oso motibatuta egongo den Sestao bezalako arerio baten aurka maila altuan lehiatzea da gakoa. Jakina, partida hauetan, neurri batean, denok esaten dugu maila-ezberdintasuna baliarazi behar dela, baina, berdinetik berdinera jokatzen dugu. Bietako batek aurrera egingo du, eta bestea, berriz, kanpoan geldituko da".
Valverde oso ondo ezagutzen duen leku batera itzuliko da, izan ere, 1985/86 denboraldian elastiko berde-beltza jantzi zuen: "Bertan eman nuen urtearen oroitzapen bikaina gordetzen dut. Badakigu nolako giroa egongo den. Bizitzeko gogoa daukat. Zelai klasikoa da, gainera lehia handiko partida da eta estutu egingo dute. Denboraldi bikaina egiten ari den aurkaria da. Ziur aski datorren urtean beste maila batean egongo da. Ikusten denez, badaki zertara jokatzen duen, ondo jokatzen du, neurketa guztietan lehiakorra da eta lider nabarmena da bere merituengatik. Zozketa egin zenetik jarraitu diegu, eta gainerakoekin alderatuta aldea dagoela ikusten da, nahiko talde fidagarria delako eta intentsitate handiarekin jokatzen duelako. Dituen aukerak aprobetxatzen saiatuko dira. Aurreko kanporaketan bezala, guri zailtasunak sortarazteko argudioak dituzte".
Erlazionatutako partidak
Sestao River Club - Athletic Club

