Ernesto Valverde: “irabazteko grinarekin jokatu behar dugu, hori da gakoa”

Ernesto Valverde: “irabazteko grinarekin jokatu behar dugu, hori da gakoa”

Entrenatzaile zuri-gorriak uste du "arrazoi asko daudela" LaLigara garaipen batekin itzultzeko

Ernesto Valverde Lezamako prentsa aretoan agertu da bihar LaLigako lehiaketara itzuli eta hamabosgarren jardunaldia jokatzeko atarian. Lehoiek Real Betisen aurka neurtuko dituzte indarrak Benito Villamarinen, Europako postuengatik borrokan ari diren bi talderen arteko lehia izango da. Teknikari zuri-gorriak biharko neurketak duen garrantziaz jabetzen da eta hiru puntuak lortzeko arrazoi asko dituela dio: "LaLiga berriz hasteko eta urtea ondo amaitzeko gogoa dugu. Arrazoi asko ditugu partida honi gogotsu aurre egiteko. 2022ko azken partida irabazi nahi dugu, aurkari zuzen bati gailendu, eta, garaipen on bat lortzeko gogoa dugu, Athletic Clubeko mitoa den Txetxu Rojori eskaintzeko".

Biharko aurkariari buruz galdetuta, honako hau azpimarratu du entrenatzaileak: "Real Betis denboraldi bikaina egiten ari da. Denbora asko darama horrela, baina aurten bi lehiaketa uztartzen ari da eta LaLigako lehen postuetan jarraitzen du. Azken denboraldietan Betisek egonkortasuna lortu du jokoan eta horrek sailkapenean ere eragiten du. Pilotarekin oso teknikoak dira, plantila luzea dute eta talentu handia. Pilota ondo jokatzen eta maneiatzen duen taldea da. Aurrelariak sasoi onean dituzte, eta, era berean, oso jokalari teknikoak dituzte zelai-erdian. Adi egon behar dugu eta ez dugu partidarako aurpegia galdu behar. Irabazteko grinarekin jokatu behar dugu, hori izango da biharko gakoa".

Azken hilabetean egindako lanaren fruituak bihar Benito Villamarinen jokatuko den partidan jasotzea espero du Valverdek: "Hilabete honetan jokatu ditugun partida guztiak ondo lehiatu ditugu, eta uste dut ez dugula galdu generaman dinamika. Denboraldiaurre honetan lantzen ari ginen kontzeptuei jarraipena ematen saiatu gara. Etxetik kanpoko azken partidak ez ziren espero bezala jokatu, eta alderdi hori hobetzen asko saiatu gara. Egindako lana erakusteko aukera paregabea da biharkoa".