Ernesto Valverde: “Gure helburua ahalik eta urrutien heltzea da”

Ernesto Valverde: “Gure helburua ahalik eta urrutien heltzea da”

Entrenatzaile zuri-gorriak Kopako final-hamaseirenaren kanporaketari aurre egingo dio horrelakoen zailtasunez jabetuta

Ernesto Valverdek agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan, bihar zuri-gorrirentzat 2023ko lehen norgehiagoka izango dena jokatu aurretik. Bihar, 21:00etatik aurrera, lehoiek CD Eldense, Lehen Federazioko II. Multzoko liderraren aurka neurtuko dituzte indarrak Eldako Nuevo Pepico Amat zelaian (Alacant).

Valverdek badaki zaila dela horrelako partidak jokatzea: “Egia da neurketa bateko kanporaketetan taldea fidagarria izaten ari dela, baina horrek ez du gehiegi esan nahi, hurrengoa beti baita lana berresteko proba berri bat, edo bolada eten daitekeena. Bihar oso prestatuta egon behar dugu, aurreko kanporaketetan bezala, aurrera egin ahal izateko. Badakigu zer egin behar den horrelako partidetan aritzeko. Beti izaten dugu gogoan”.

Entrenatzaile zuri-gorriak oso argi dauka nola egin behar zaion aurre horrelako neurketei eta zeintzuk diren Eldensek plantea ditzakeen zailtasunak: “Partidara kontzentratuta sartu behar dugu, beti egiten dugunez, aurkaria edozein dela ere. Kanporaketa bakoitza bakarra da, eta ahalik eta berme handienekin egin behar zaio aurre. Aurkaria baloratu behar dugu partida honetan egoteko egin duenagatik eta duen zailtasunagatik. Talde ona da, beren multzoko burua, eta igotzeko aukerak dituzte”.

Azkenik, Valverde ilusioz gainezka agertu da K.O. torneoarekin: “Kopa irabazteko helburua beti dute talde guztiek. Ilusio handia sortzen duen lehiaketa da; aurrera egiteko eta finalera iristeko aukera ematen du, baina, era berean, edozein unetan kanporatu ahal izatea ahalbidetzen du. Askotan ez da meritu kontua, huts ez egitea baizik. Finalera iristeko helburua buruan dago, eta kanporaketa bakoitza oso serio hartzen dugu”.