Partida aurrekoa: Athletic Club - CA Osasuna (LaLiga 16. J)

Partida aurrekoa: Athletic Club - CA Osasuna (LaLiga 16. J)

San Mamesen azken partida ofiziala jokatu zenetik bi hilabetera, bueltan da LaLiga, derbia eta guzti

Astelehena eta futbol gaua San Mamesen. Katedraleko azken partida ofiziala jokatu eta bi hilabetera, LaLiga CA Osasunaren aurkako derbiarekin itzuliko da. Hitzordu interesgarria da talde gorritxoaren aurka, lehoiek baino bi puntu gutxiagorekin eta datorren urterako Europako postuetarako lehian bete-betean sartuta baitaude.

Hori gutxi balitz, Klubaren 125. urteurrena ospatzen dugun urte berri honetan, gaurkoa etxean jokatuko den lehen partida izango da eta, gainera, Katedralak Txetxu Rojo handia behar den moduan agurtuko du. Bere omenezko txaloz betetako minutua ospatuko dugu, berak eskatu zuen bezala.

Deialdia

Teknikari zuri-gorriak 24 jokalari deitu ditu talde gorritxoaren aurka lehiatzeko. Iñigo Martinez, zerrendatik kanpo gelditu den jokalari bakarra, arazo fisikoengatik.


Valverde

Errepasatu hemen Athletic Cluben eta CA Osasunaren arteko norgehiagokaren atarian Ernesto Valverdek egindako adierazpenak.

Aurkaria








Club Atletico Osasuna 1920ko urriaren 24an sortu zen, eta egun horretan bertan jokatu zuen bere historiako lehen futbol partida. LaLiga Santanderreko lau klub profesional bakarretako bat da, Real Madrid, FC Barcelona eta Athletic Clubekin batera, kirol sozietate anonimo bat ez dena; hau da, klubaren jabetza bazkideek dute. Talde gorritxoaren egungo historia errepasatzen badugu, Osasunak Txapeldunen Ligako atariko fase batean eta UEFA Kopako lau ediziotan parte hartu du, 2006/07 denboraldian txapelketa honetako finalerdietara iritsiz.

Arazo ekonomikoak tarteko, Lehen Mailan 14 urte eman ondoren, 2013/14 denboraldian Bigarren Mailara jaitsi eta igoeraz eta jaitsieraz beteriko garaia hasi zuen: 2015/16 denboraldian, maila galdu eta bi urtera, play-offa irabazi zuen Girona FC-ren aurka eta galdutako tokia berreskuratzea lortu zuen. Urtebete iraun zuen maila gorenera itzultzeak, hurrengo denboraldian berriro ere maila galdu baitzuten, orain arteko azken jaitsiera izan dena. Jagoba Arrasaterekin batera (2018/19), CA Osasuna LaLiga SmartBankeko txapelduna izan zen eta ordutik Lehen Mailan jarraitzen du. Berriatuko entrenatzailearen lana ez da oharkabean pasatu, eta, hainbat urtez gorantzako bidea hartu ondoren, gaur egun Athletic Cluben borroka berean murgilduta dago talde nafarra.

Osasunak bi porrot (Realaren eta FC Barcelona aurka), bi garaipen (RC Celtaren eta Real Valladoliden aurka) eta berdinketa bat (Girona FC-ren aurka) lortu ditu LaLigako azken partidetan. Gainera, luzapenean zailtasunekin gainditu zuen Nàstic de Tarragona taldea; beraz, Kopako final-zortzirenetara sartzea lortu zuen taldeetako bat da.

Estatistikak

1936an LaLigan lehen norgehiagoka jokatu zutenetik, Athletic Clubek eta CA Osasunak 82 partida jokatu dituzte guztira. Honako hauek izan dira lehoiek lortu dituzten emaitzak: 41 garaipen, 22 berdinketa eta 19 porrot.

Katedralean jokatutako partidei dagokienez, Athleticek 23 garaipen, 11 berdinketa eta 7 porrot erdietsi ditu.

Bilboko hiriburuan bi taldeen artean jokatutako azken bost lehiak erreparatzen baditugu, datuak onak dira talde zuri-gorriarentzat. Athleticek bi neurketa irabazi ditu, berdinketa kopuru berdina pilatu du eta behin bakarrik ezin izan du punturik lortu.

Kontsultatu CA Osasunaren aurkako estatistika guztiak hemen.

Athleticzaleak munduan barrena.

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu gure Athleticen neurketa ez galtzeaz.