"Beste edozein partida balitz bezala aurre egin behar zaie derbiei"

"Beste edozein partida balitz bezala aurre egin behar zaie derbiei"

Berenguerrek ondo ikusten du taldea, nahiz eta "oraindik hobetu ditzakegun kontzeptu badaudela" onartzen duen

Alex Berenguer komunikabideen aurrean agertu da Realaren aurka, LaLigako hamazazpigarren jardunaldian, jokatu baino bi egun lehenago: Jokalari zuri-gorriak balorazio positiboa egin du taldea eskaintzen ari den mailari buruz: "Gauzak ondo egiten ari garela uste dut. Egia da oraindik hobetu ditzakegun gauzak badaudela. Geratzen diren partidetan orain arte eskaini dugun errendimendua hobetzen saiatuko gara".

Derbiari buruz galdetuta, aste honetako bigarrena, 7 zenbakidun zuri-gorriak hitzordu berezia dela onartzen du, nahiz eta bere ustez partida guztiak garrantzitsuak diren: "Orain Donostiara joatea dagokigu eta neurketa polita izango da derbiak horrelakoak direlako. Beti bezala joan behar dugu, hiru puntuak ateratzen saiatzera, sailkapenean gora egiteko".

LaLigan bi berdinketa jarraian kateatu ondoren, Athleticek zenbait postu galdu ditu. Hala ere, Europarako sailkatzeko borrokan murgilduta jarraitzen du: "Neurketa asko geratzen dira eta guk borrokan jarraituko dugu. Ondo gaudela uste dut eta bi norgehiagoka berdindu ditugulako ez gara erotu behar, ezta gutxiago ere. Taldea lehen bezala dago, eta bi partida irabazita, gora bueltatuko gara. Hau oso luzea da".

Azkenik, nafarrak donostiarren bertuteak azpimarratu ditu: "Urteak daramatzate gauzak ondo egiten. Baloia ondo jokatzen dute eta ez dute aurkariaren ateraino iristeko presarik. Haatik, guk gure armak dauzkagu eta min egin diezaiekegula uste dut".