Lehentasuna San Mamesera doan edo txartela uzten duen bazkidearentzat

Lehentasuna San Mamesera doan edo txartela uzten duen bazkidearentzat

RCD Espanyolen aurkako Kopako neurketatik aurrera, eta datozen lau denboraldietarako, euren eserlekua gehien erabiltzen duten edo Klubari eserlekua gehien uzten dioten bazkideek lehentasuna izango dute denboraldi bakoitzeko balizko finalen zozketetan

Athletic Clubek oso modu positiboan baloratu du San Mamesen gizonezkoen lehen taldeak jokatu dituen Ligako partidetara joan diren bazkideen eta, oro har, ikusleen kopuruaren hazkundea. Klubaren helburua harmailetan eserleku bakar bat ere hutsik ez uztea da: gure zaleen adorea behar dugu finkatutako kirol-jomugak lortzeko, bazkide ez diren jarraitzaile athleticzaleen eskaera handia dugu, esperientzia bizi nahi dutenak, eta salgai jartzen diren eserlekuen kopuru murriztuak eragina du diru-sarrerengan. Horregatik guztiagatik, behin eta berriz mezua helarazten diegu bazkideei San Mamesera joaterik ez badute, APParen bidez beste pertsona bati edo Klubari utz diezaiotela euren eserlekua. Klubak berak sarreraren %50eko itzulera egingo luke sarrera salduz gero.

Azken hilabeteetan bertaratzeak eta lagapenak kudeatzeko plataforman egindako doikuntzen ondoren, Zuzendaritza-Batzordeak eta Klubaren egiturak sistema bat diseinatu dute elkarrekin, bazkideen fideltasuna saritzeko estadiora joateagatik. San Mamesen jokatuko den Kopako lehen partidan ezarriko da, datorren asteazkenetik aurrera, Bartzelonako RCD Espanyolen aurkako partidan (20:00), eta 2025-26 denboraldiaren amaierara arte luzatuko da. Ohiko lagapen-bitartekoez (app-a eta webgunea) gain, laguntza eskaintzeko telefonoa gaituko da berritasun gisa (900 909 709), bazkideei euren eserlekua Klubari lagatzea errazteko, eta partida bakoitza hasi baino bi ordu lehenagora arte gaituta egongo da. Nahikoa izango da zenbaki honetara deitzea eta ohar hauek jarraitzea: bazkide-kodea eta PIN zenbakia markatu, laga nahi den partida zehaztu eta baieztatu.

Finaletara heltzeko zailtasuna eta meritua aldez aurretik ezagututa, eta gure adorez taldearekin batera bidea egiten laguntzeko ahaleginean, Klubak erabaki du denboraldi bakoitzeko titulurako partidetako sarreren zozketetan lehentasuna izatea karneta gehiagotan erabiltzen duten bazkideek, bai bera edo beste norbait San Mamesera joanez, bai txartela Athleticen eskura jarriz, partidak baino bi ordu lehenago arte salgai jartzeko.

Ekimena Kopako lehen partidarekin hasiko da, irabazleari final-laurdenetan parte hartzeko aukera emango diona, bazkidearen bertaratzea are gehiago sustatzeko asmoz. Logikoa denez, ez du atzeraeraginezko izaerarik izango, eta, beraz, ez da kontuan hartzen gure zelaira joan izana denboraldi honetako lehen bederatzi liga jardunaldietan.

Jarraitzaileak San Mamesera erakartzeko Klubaren beste urrats bat da, hala nola, ‘Athletic Plaza’, ‘Athletic Mugituz’ Plana, San Mameserako irisgarritasuna erraztuko duena, Bilbotik 40 kilometro baino gehiagora bizi diren 65 urtetik gorako pertsonentzako autobusak gaituz, ‘Autoa Konpartituz’ eta garraio publikoa indartzea.

Gogoratuko ditugu txartela lagatzeko dauden hiru bideak (partida hasi baino 2 ordu lehenago arte).

  • Zure bazkide-txartela app ofizialaren bidez uztea beste pertsona bati edo Klubari, eta Gazte Abonoaren txartela Klubari.

Sartu app ofizialean zure bazkide-kodearekin eta PINarekin eta sartu ‘Nire Txartela’ atalean. Bertan, partidarako lagapena egin ahal izango duzu, ‘Txartelaren kudeaketa’ botoia sakatuta, eta ‘Karneta utzi’ botoian sartuz.

Beste pertsona bati laga nahi badiozu, egin klik ‘Txartela pertsona bati utzi’ botoian. Bere izena eta helbide elektronikoa sartu eta lagapena berretsi ondoren, posta elektronikoz jasoko ditu lagapena onartzeko jarraibideak. Horretarako, Athletic Club app ofizialean sartu beharko da*.

Klubari utzi nahi badiozu, klikatu ‘Klubari karneta utzi’ eta lagapena berretsi. Partida hasi baino 2 ordu lehenago arte berreskuratu ahal izango duzu lagapena, baldin eta ez bada saldu. Salduz gero, publikoarentzako salmenta-prezio garbiaren % 50 jasoko duzu (BEZa kenduta). Gazte Abonoaren lagapenen kasuan, 10 euro jasoko lituzkete.

* Gonbidatuak partida hasi aurretik onartu beharko du lagapena. Horrela ez bada, bazkide-txartela partidara sartzeko desgaituta geratuko da. 

Deskargatu app ofiziala: Android / IOS

  • Bazkide-txartela edo Gazte Abonoa Klubari web orriaren bidez lagatzea (partida hasi baino 24 ordu lehenago arte)

Hurrengo estekan sartuta (Bazkideen Txokotik ere sar daiteke ‘Bazkideentzako zerbitzuak’ atalean), zure kodea eta PINa erabiliz eta ‘Klubari txartela utzi’ botoian klik eginez, bazkide batek edo Gazte Abonodunak bere txartela Klubari laga diezaioke bere eserlekua libre utzi eta salgai jartzeko eta beste athleticzale batek betetzeko. Bazkideek erositako eserlekuaren prezio garbiaren (BEZa kenduta) %50 lortuko dute, eserlekua salduz gero, eta Gazte Abonodunek, berriz, 10 euro.

  • Bazkide-txartel digitala telefono bidez Klubari lagatzea 900 909 709 telefonoan

Nahikoa izango da zenbaki honetara deitzea eta ohar hauek jarraitzea: bazkide-kodea eta PIN zenbakia markatu, laga nahi den partida zehaztu eta baieztatu.