Partida aurrekoa: Real Sociedad - Athletic Club (LaLiga 17. J)

Partida aurrekoa: Real Sociedad - Athletic Club (LaLiga 17. J)

Txuri-urdinen eta zuri-gorrien arteko derbia Reale Arenan (21:00etan) Europako postuetara begira

Reala eta Athletic Cluben arteko partida berezia da beti. Gaur gaueko 21:00etatik aurrera, Reale Arena txuri-urdinen eta zuri-gorrien arteko derbiaren lekuko izango da. Bi taldeak dinamika onean iritsiko dira norgehiagokara eta hurrengo denboraldian Europan jokatzeko aukerak dituzte. Ziur asko, biek intentsitate handiarekin egingo diote aurre neurketari. Donostiarrak sailkapeneko hirugarren postuan heldu dira neurketa honetara, 32 punturekin, eta Athletic zazpigarren postuan dago, sei gutxiagorekin.

Osasunaren aurkako berdinketaren ondoren, denboraldiko bigarren derbian garaipena lortzea izango dute helburu lehoiek. Gainera, Iker Muniain Athletic Cluben historian partida gehien jokatu dituen hirugarren jokalaria izan daiteke 515 neurketarekin, Iribarren (614) eta Txetxu Rojoren (541) atzetik.

Deialdia

Teknikari zuri-gorriak 24 jokalari deitu ditu talde donostiarraren aurka lehiatzeko. Iñigo Martinez, arazo fisikoengatik, zerrendatik kanpo gelditu da.

Valverde

Errepasatu hemen Real Sociedad eta Athletic Cluben arteko norgehiagokaren atarian Ernesto Valverdek egindako adierazpenak.

Aurkaria

1909ko irailaren 7an sortu zen ofizialki, baina bere jatorriak 1904. urtera eramaten gaitu, Donostiako Recreation Club elkarte zaharrarekin eman baitzituen lehen urratsak. Donostiarrek 76 denboraldi jokatu dituzte Lehen Mailan eta bi liga titulu lortu dituzte 1980/81 eta 1981/82 denboraldietan. Reala bigarren Mailara jaitsi zen 2006/07an eta 2010ean itzuli zen maila gorenera. Europa Leagueko final-zortzirenetarako sailkatu da aurten, eta Europako txapelketetan hainbat partaidetza kateatu ditu azken urteetan. Aurretik, nabarmentzekoa da 2003/04 eta 2013/14 denboraldietan Txapeldunen Ligan parte hartu izana. Gainera, 1982/83 denboraldian Europako Kopako finalerdietara iritsi zen, Hanburgo txapeldunak kanporatuta.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea hirugarrena da LaLigan. Azken bost partidetan: hiru garaipen jarraian (Almeria, Osasuna eta Sevilla), berdinketa bat (Valencia) eta porrot bat (Betis) lortu ditu.

1928/29 denboraldian LaLigan lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutenetik, Athletic Clubek eta Realak 150 partida jokatu dituzte guztira maila gorenean eta emaitza positiboa lortu dute zuri-gorriek: 60 partida irabazi dituzte, 39 berdindu eta 51 galdu.

Reale Arenan jokatutako derbiei dagokienez, Athletic Clubek 20 garaipen, 19 berdinketa eta 36 porrot pilatu ditu orain arte jokatutako 75 Liga norgehiagoketan.

Bi taldeek Donostian jokatutako azken bost neurketei erreparatuz, Athleticek berdindu egin du azken bi bisitetan eta ez du punturik lortu aurreko hiruretan. 

Kontsultatu Real Sociedad taldearen aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan zehar

Zauden tokian zaudela, ziurtatu gure Athleticen neurketa ez galtzeaz.