
“Asteazkenean final bat jokatuko dugu Espanyolen aurka”
“Asteazkenean final bat jokatuko dugu Espanyolen aurka”
Erdilariak taldea kataluniarrak duen "bolbora" ohartarazi eta San Mamesen jokatzeak Kopako final-laurdenetarako txartela lortzeko duen garrantzia azpimarratu du
Dani Garcia hedabideen aurrean agertu da San Mamesen Kopako final-zortzirenetan RCD Espanyolen aurka jokatzeko bi egun falta direnean. Zumarragako erdilariak asteazkeneko partida ia finala dela ohartarazi du: "Azken hiru urteetan titulua eskuratzetik gertu gelditu garen txapelketa honetan, oso norgehiagoka garrantzitsua jokatuko dugu. Garaikur berezia da guretzat eta behingoz lortu nahi dugu. San Mameseko neurketak berebiziko garrantzia du eta zorionez zaleak gurekin izango ditugu".
Erdilariak harmailetatik jasotzen duten babesa goraipatu nahi izan du: "Beti gurekin egoteko egiten duten ahalegina eskertu behar diegu eta, horregatik, garaipena beraiei eskaintzeko lan egingo dugu. Taldeak pasa du jada derbiaren tristura eta Kopako final-zortzirenetako norgehiagokan jarri du arreta".
Aurkariari buruz galdetuta, Dani Garciak RCD Espanyolen gol-gaitasuna azpimarratu du: "Bolbora asko dute. Uste dut neurketa honetan guk eramango dugula pisua. Defentsan indartsuak dira eta ziur atzean sendo egongo direla kontraerasora bizkor ateratzeko. Beraz, oso eraginkorrak izan behar dugu jabetza edukitzerakoan, akatsik gabe. Partida erabakigarria da. Ez dut uste LaLigan jokatu genuenaren antzik izango duenik".
Azkenik, azken emaitzak zalantzan jarrita, erdilari zuri-gorriak argi pixka bat eman nahi izan dio egoerari: "Reale Arenako lehia oso borrokatua izan zen, haiek baloiaren jabetza izan bazuten ere, ez ziguten arriskurik sortu guk bi akats egin genituen arte. Egia da azken aldian ez dugula emaitza onik lortu, baina ondo gaude eta goiko postuetan jarraitzen dugu. Uste dut Real Betis eta CA Osasunaren aurka norgehiagoka onak jokatu eta hiru puntuak lortzea merezi izan genituela. Uste dut une onean jarraitzen dugula".