"Mentalki indartsuagoak izan behar gara"

"Mentalki indartsuagoak izan behar gara"

Iraia Iturregik bere taldea Levante UD mailako "oilar" bati gailentzeko gai ikusten du

Athletic Clubek eta Levante UD taldeak Lezaman jokatuko duten Liga F-ko 16. jardunaldiko norgehiagokaren atarikoan Iraia Iturregi prentsa aretoan hedabideen aurrean agertu da. Loiukoak badaki aste gogorra izango dutela aurretik; izan ere, bihar bigarren sailkatua izango dute aurkari, eta larunbatean sailkapeneko hirugarrena den Real Madriden zelaia bisitatuko dute.

"Pena izan zen Alhama CFren aurka galtzea eta aste on bati jarraipena ezin ematea. Astea biribiltzeko zorian izan ginen, sailkapenaren goiko postuetako borrokan bete-betean sartuko baigintuen. Hala ere, aukera bikaina galdu genuela jakinda, orain bigarren itzulia hasiko da eta taldea defentsan sendoago agertzea eta baloiarekin erasokorragoak izatea espero dugu", adierazi du Iturregik.

Aurkariari dagokionez, entrenatzaileak honako hau esan zuen: "Levante UD izango dugu aurkari, Kopan kanporatua izan zen arren, sekulako sasoian datorren taldea. Zenbakiei eta joko sentsazioei dagokienez, bere lehen itzulia oso ona izan da. Irabazteko gakoa defentsan egongo dela uste dut, Kopan Madrid CFF-ren aurka jokatu genuen bezala. Ausartak izan behar gara, ez dugu baloia gainetik kendu behar. Espazioak hobeto betetzen hobetu dugu, baina kosta egiten zaigu gol aukerak sortzea". Talde valentziarraren Alba Redondo eta Mayra aurrelariak nabarmendu nahi izan zituen Iturregik, ez bakarrik golekin baizik eta asistentziekin funtsezkoak izaten ari baitira Levante UD taldearentzat.

Bihar 16. jardunaldiarekin hasiko da bigarren itzulia eta teknikari zuri-gorriak argi hitz egin du taldeak hemendik aurrera dituen helburuekin. "Ez gaude pozik lehen itzuliko zenbakiekin, gehiagorako taldea daukagula uste dugulako. Lehen itzuliko zenbakiak hobetzeko, erregularragoak izan beharko dugu, baita defentsan sendoagoak izan ere. Gure arean sartzen dizkiguten baloiak irmoki aldendu behar ditugu, zalantzak uxatzeko beharra dugu. Erasoko zenbait partidatan taldeak ausart jokatu du, baina beste batzuetan konfiantzarik gabe. Taldea sendoa izan behar da maila mentalean, lortzeko erraza dirudi, baina ziur nago maila hori erdiesten dugunean emaitza hobeak iritsiko direla".

Athletic Cluben deialdia:

Quiñones, Amaia Peña, Landaluze, Valdezate, Nekane, Y. Corres, Monente, Oihane, Eunate, Pinedo, Nerea Nevado, Itxaso, Mariana, Arana, Bibiane, Peke, Elexpuru, S. Ortega, M. Zubieta, Estefa, J. Amezaga.