"Erasoan hortzak erakustea falta zaigu"

"Erasoan hortzak erakustea falta zaigu"

Iraia Iturregik badaki zaila izango dela biharko hitzordua Real Madriden aurka, baina une honetan “lasaitasuna izateko” deia egin du

Iraia Iturregik agerraldia egin du gaur arratsaldean taldeak Madrilera bidaia egin baino lehen. Izan ere, F Ligako beste jardunaldi bat jokatuko du bihar Valdebebasen, Real Madriden aurka. Joan den asteartean Levante UD taldearen aurka galdu ondoren, Iturregik esan duenez "bi porrot jarraian kateatzen direnean, ez da egoera atsegina. Taldeak lan gehiago egin behar duela izan behar du buruan, ligaren maila hazten ari dela ikusten dugulako".

Iturregirentzat, Real Madrid “ligan partida bakarra galdu duen aurkaria da, FC Barcelonaren aurka hain zuzen ere, eta puntuak kendu ahal izan dizkion beste taldea Levante UD da, bigarren sailkatua. Badirudi aurten haien aldean alde handiagoa dagoela. Gero eta gehiago indartzen ari dira helburua lortzeko, ez bakarrik Espainiako ligan, baita kontinente mailan ere".

Hortzak erakutsi eta geldikako jokaldiak

Egoerari buelta emateko gakoei dagokienez, entrenatzaile zuri-gorriak aipatu duenez, "guri sakontasuna eta abiadura falta zaigu partida horietan, eta horri baloia berreskuratzerakoan hortzak erakustea, areatik gertu presioan lapurreta egitea eta azkar amaitzea esaten diogu". Iturregik geldikako jokaldiak sortzen duen arriskuaren falta sumatzen duela ere esan du: “Niretzat hor indarrak berdintzen dira eta horrelako neurketetan ezinbesteko ekintzak dira”.

Azkenik, atzera begiratuz, Iraia Iturregik gogorarazi duenez, "hasieran egutegi zaila izan genuen eta sailkapenean lasaitasuna eman ziguten bi partida irabaztea lortu genuen. Hurrengo partidetan lasaitasun hori emango diguten puntuak lortzea da asmoa. Sailkapenean, hutsik egiten ez duten goiko taldeak alde batera utziz, oso gertu gauden 9-10 taldeko multzoa dago. Bi partida irabazi eta lasaitasuna ematen dizu, baina egiten ez baduzu urduritasuna egon daiteke. Valdebebaseko hiru puntuak ekartzen saiatuko gara".