
Athleticek Aguascalientesen jokatuko du Club Necaxaren mendeurrenean
Athleticek Aguascalientesen jokatuko du Club Necaxaren mendeurrenean
Lehoiek 2023ko uztailean Mexikon jokatuko duten bigarren lagunartekoa itxi dute, hilaren 19an
Athletic Clubek 2023/24 denboraldirako bere bigarren prestaketa partida itxi du. Uztailaren 16an Akron Estadioan, Chivasen aurka, Gernikako Arbola Trofeoaren itzuleran, jokatuko duen neurketari Club Necaxaren kontrakoa gehitu behar zaio orain, hiru egun beranduago Aguascalienteseko (Mexiko) Victoria Estadioan izango dena.
Horrela, lehoiek bat egiten dute 'Los Rayos'-en mendeurreneko ospakizunekin, izen horrekin ezagutzen baita Aguascalienteseko taldea. Kasualitatez, eta Chivasek bezala, Necaxa Klubak ere marra zuri-gorriak ditu armarrian eta elastikoan.
Necaxa Klubaren eta Athletic Cluben arteko historiako bigarren norgehiagoka izango da, 1935eko abuztuaren 28an euren ligetako txapeldun izan ostean jokatu baitzuten. Partida Mexiko Hirian jokatu zen talde zuri-gorriaren mexikar biraren barruan eta Patricio Caicedo buru zuen taldeak 4-1 galdu zuen.
Mexikoko futboleko elitean gora eta behera ibili ondoren, Necaxa Kluba 2016ko Aperturatik ari da BBVA MX Ligan (Lehen Maila). Bere palmaresean hiru Liga Txapelketa, CONCACAF Txapeldunen Ligako Txapelketa bat, lau Kopa eta Mexikoko Superkopa bat nabarmentzen dira.
Lagunartekoaren iragarpenaren ostean egindako agerraldian, Igor San Romanek, Zuzendaritza Batzordearen izenean, honako hau adierazi nahi izan du: “Ohorea da Athleticen 125. Urteurrenean ehun urte beteko dituen Club Necaxa taldea bisitatzea. Historia handiko bi talde loriatsuri buruz ari gara, ziur futbol giro bikaina sortuko dutela Aguascalientesen”.
Bestalde, Francisco Javier Príak, Club Necaxaren ordezkari gisa, "Gure taldearen mendeurrena ospatzeko Aguacalientesek Victoria Estadioan nazioarteko mailako partida ikusteko aukera izango duela" adierazi du. "Eskerrak eman dizkiogu Athletic Clubi egun garrantzitsu horretan parte hartzeagatik”, gehitu du.