
"Benetan gugan sinetsi behar dugu"
"Benetan gugan sinetsi behar dugu"
Iturregi baikor agertu da bihar Atletico de Madriden aurka jokatuko duten norgehiagokaren bezperan
Iraia Iturregik agerraldia egin du gaur goizean Lezamako prentsa aretoan, taldea Madrilera abiatu aurretik. Bertan jokatuko du bihar Liga F-ko 19. jardunaldia. Athletic Clubek Atletico de Madriden aurka neurtuko ditu indarrak Wanda Kirol Zentroan, 12:00etatik aurrera. Lehoiek bi jokalari berreskuratu dituzte, baina ligako norgehiakoka honetarako beste bi galdu dituzte.
Loiukoa pozik agertu da Marta Unzue, entrenatzailearen arabera "oreka ematen duelako" eta Ane Azkona "sakontasun handia ematen digulako" berreskuratzeagatik. Bestalde, Bibiane Schulzeren baja aipatu zuen pubiseko arazoengatik. "Berarentzat gogorra izan da selekzioarekin ezin joatea, bere lanaren saria zen. Pubalgia areagotu egin zaio eta ez zion errendimendu ona ematen utziko", azaldu du. Biharko hitzorduan Nekane ez dela egongo ere baieztatu du. "Likido pixka bat du bikian, baina geldialdiaren osterako berreskuratzea espero dugu".
Emaitzei dagokienez, zuri-gorriek dinamika negatiboa eten eta aurkari indartsu baten aurka puntuak lortu nahi dituzte. "Taldeak badaki zer egin eta zer hobetu behar dugun. Horretan ari gara, bolada negatiboetan egoera horietara egokitzeko prozesu propioa dago. Lehen itzulian gertatu zitzaigun. Batzuetan denbora pixka bat behar izaten du buelta emateko. Jokalariengan konfiantza osoa dugu eta ziur gaude hemendik denboraldi amaierara panorama hobetu egingo dela. Bizirik gaude Kopan eta geldialdiaren ondoren gure antzeko potentziala duten aurkariak izango ditugu".
Bihar Atletico Madriden kontra Alcalan jokatuko duten norgehiagokari erreparatuz, Iturregik Valdebebasen Real Madriden aurkako partida gogoratu du: "Ziurrenik Atleticok partidaren une askotan menderatuko gaitu, sartuta eta indartsu egon behar dugu ahalik eta denbora gehien. Gure helburua da partidetan ditugun une onak luzatzea aukerak izateko. Jakina, golari begira ere ondo egon behar dugu. Benetan gugan sinetsi behar ditugu, azkenean prestakuntza-prozesuetan dauden jokalariak ere baditugu eta epe horiek laburtzen saiatzen ari gara".