
Mikel Gonzalez: "Valverderekin, taldeak ideiak argi, nortasuna eta ausardia ditu"
Mikel Gonzalez: "Valverderekin, taldeak ideiak argi, nortasuna eta ausardia ditu"
Futboleko Zuzendari Nagusiak kirol-egoeraren errepasoa egin eta Ernestoren berritzeak "merkatuan denbora irabaztea eta erabakiak hartzea" ahalbidetuko duela adierazi du
Mikel Gonzalez, Futboleko Zuzendari Nagusia, oso pozik agertu da Ernesto Valverderen kontratu berritzearekin: "Eman dezakegun albisterik onena da, munduko entrenatzailerik onenetakoa da, Athleticentzat onena. Ondo baino hobeto ezagutzen du etxea, jokalaria izan da, entrenatzailea hiru etapatan... Beti izan du arrakasta. Taldeak nortasuna, ideiak argi eta ausardia ditu. %100 DNA Athletic Club", adierazi du Athletic Clubek egindako elkarrizketa batean.
"Bosgarren postutik bi puntura gaude eta oso gogorrak izango diren Kopako finalerdietan. Taldea hain ondo ikusten duzunean, zaleak hain identifikatuta dituzunean eta Lezaman egunerokotasun oso ona daukazunean, batzuetan ez da denboraldi amaierara arte itxaron behar izaten. Asko laguntzen digu datorren denboraldia plantillaren eta barne-proiektuen mailan planifikatzen Ernestorekin batera, berarekin lan egitea luxua baita. Merkatuan denbora irabazteko eta erabakiak hartzeko aukera emango digu", argudiatu du kirol arduradunak.
Gonzalezen esanetan, kontratu luzapena izenen inposaketarik gabe egin da: "Ez da kontratua berritzeko eskakizunik egon, entrenatzaileak badaki zenbat hilabete daramatzagun jokalariekin hizketan Klubarekin duten konpromisoa luzatzeko eta merkatuaren nondik norakoak ere ezagutzen ditu".
Halaber, LaLiga SmartBanken utzita dauden zazpi futbolarien egoera errepasatu du: "Oso pozik gaude lagapenekin. Asier Villaliberi bi urtez berritu genion kontratua epe ertainean pentsatuz. Minutuak jokatzea behar zituen bueltatzeko. Estatu mailan eta nazioartean eskaintza asko izan ditu eta Alaves hautatu genuen Luis Garcia Plazarekin egiten duen jokoa berarentzat ia perfektua zelako eta bi partidatan hiru gol egin ditu", azaldu du Mikel Gonzalezek, Peru Nolaskoain, Imanol Garcia de Albeniz, Alex Petxarroman, Beñat Prados, Nico Serrano eta Juan Artolaren jarduna ere azalduz.
Emakumezkoen lehen taldearen errendimenduari buruzko bere ikuspuntua ere eskaini du: "Taldea biziberritzeko denboraldia zela esan genuen. Jokalari oso gazteak ditu funtsezko postuetan, Lehen Mailako hasierako hamaikakorik gazteena, batez beste 23'5 urterekin. Horrek une gaitz batzuk izatera eramaten gaitu, adibidez, udan finkatutako helburuak betetzea zailtzen ari den emaitza bolada txar hau. Positiboak gara eta konfiantza osoa dugu Iraian eta bere lantaldean. Gure ustez, prozesuaren zati bat da, eta hobetzen joango dira".
Ezin bestela izan, autokritikoa izan da nagusi gizonezkoen bigarren taldearen denboraldiarekin: "Bilbao Athleticen egoerak urduri jartzen ditu zaleak eta gu. Udan jokalari garrantzitsu batzuei futbol profesionalerako bide ematea erabaki genuen, eta oso talde gaztea dator, Basconiatik %70a. Emaitzak ez dira iristen ari eta autokritikoak gara, oso zorrotzak. Inor ezin da pozik egon talde mailan nola lehiatzen ari garen ikusita, baina ez dugu fokua galdu behar, jokalariak lehen talderako prest egotea da helburu nagusia. Eta taldea gaizki egon arren, uste osoa dugu potentziala badagoela eta San Mamesen jokatuko duten futbolariak egongo direla".
Azkenik, Mikel Gonzalezek Iñigo Lopez, Arenasen utzita egon ostean bueltatu dena, Urko Izeta, Quicala Bari eta Asier Perez neguko merkatuan taldera ekartzearen arrazoiak azaldu ditu.