"Gozamena da Athleticen lan egitea"

"Gozamena da Athleticen lan egitea"

2024ra arte kontratua berritu ondoren, Valverdek "lehen egunetik errespetatua" sentitu dela eta emaitza onak lortzen jarraitu nahi duela aitortu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da bere kontratua beste denboraldi batez luzatu ostean, eta lehoiek bihar 18:30etik aurrera Atletico de Madriden aurka Metropolitanon jokatuko duten partidaren atarian: "Athleticen lehen egunetik errespetatua sentitu naiz , jokalari zein entrenatzaile gisa, zaletuen eta Lezamako langileen jendearen aldetik. Mundu guztiak laguntzen zaitu Klub honetan. Ni etortzea nahi zuten eta ongi hartu ninduten. Gozamena da egunero hemen lan egitea, baina gero, jakina, emaitzak lortu behar dira".

Etorkizuneko helburuei dagokienez, entrenatzaile zuri-gorriak epe motzean zentratzea nahiago du , eta negoziazioak errazak izan direla dio: "Klubak duela hilabete inguru proposatu zidan, buelta bat eman nion, eta hala eginez gero, azkar izatea eta denboran ez luzatzea nahi nuen. Ados geunden eta ez dut inolako arazorik izan. Entrenatzaileok beti ditugu helburuak oso epe laburrera. Nahi duzuna da taldea konbentzitzea ondo datorkigun estilo jakin batekin".

Azkenik, talde koltxoneroaren aurkako norgehiagokari erreparatuz, Valverdek zaila izango dela uste du, baina bere jokalarien une ona azpimarratu du: "Bi partida jarraian irabazi ditugu. Urte hasieratik generaman bolada negatiboa gainditu dugu. Ondo gaude, eta orain oso aurkari zaila datorkigu, lehiakortasun maila oso handia duena. Jabetza daukazula dirudien arren, kontrola ondo baino hobeto mantendu dezakete, baloirik gabe pazienteak eta saiatuak direlako eta aurrera egiten uzten ez dizutelako. Oso gogorrak dira banakako lehietan, eta azkarrak erasoko trantsizioetan. Ondo dagoenean, nahiko talde segurua da. Gure bolada onarekin jarraitzeko asmoz goaz bere zelaira, haiek ere jokoan asko dutela jakinda. Neurketa ona izango da".