Peña Kosladaren inagurazio ofiziala

Peña Kosladaren inagurazio ofiziala

70 pertsona baino gehiagok osatzen dute, Athleticek Madrilgo Erkidegoan duen peñarik handi eta aktiboenetako bat

Jarraitzaile zuri-gorri askok bezala, Koslada Hintxakek nekez ahaztuko du 2012an bizitakoa. Madrilen bizi den Athleticeko zale talde batek peña gisa konformatzeko urratsa eman zuen. Koslada Athletic Club Taldea. Alcalako herritarrek antolatutako Kongresuan estreinatu ziren, Bukaresteko finala urrunetik bizi izan zuten, Calderoneko Madril Rio Athletic Hirian izan ziren eta Vallecaseko berdegunean zuzenean jarraitu zuten lehoiek Championeserako erdietsitako sailkapena.

Ordutik, orain arte, Kosladako Athletic Club Peñak prozesu luzea bizi izan du, eta, azkenean, peña ofizial gisa finkatu dira. Gazteiz tabernaren egoitza zaharretik igaro ziren, gaur egun Plan B garagardotegi zentrikoenean kokatu arte. Athleticek Pasillo del Henaresen dituen hiru peñetako bat izateaz gain, edukiagatik eta antolaketagatik, pentsa genezake Madrilgo eta erdiguneko garrantzitsuenetako bat dela (Peñak 70 kide baino gehiago zituen Klubak jaso zuen azken eguneraketan).

Coslada bataiatzeko erabili zuten K hizkiak izaera herrikoia eta askea nabarmentzen du, beren langile-sustraia, klase-kontzientziaren zentzu negoziaezina, eta jokabide matxista, arrazista edo homofoboekin zerikusia duen portaera ororen salaketa. Herri Harmailaren eta animazio prozesu berriaren aldeko manifestua sinatu zuten 27 peñetako bat izan ziren, eta garai hartan bezala lanean jarraitzen dute San Mamesek zelaira sartzea erraztuko duen harmaila herrikoia izan dezan, gazteentzat eta erosteko ahalmen txikiagoa dutenentzat eskuragarriagoak diren kuotetan pentsatuz.

Metropolitanora egindako bisitarekin batera, Athletic Clubeko ordezkaritza bat, Andoni Goikoetxea, Manolo Delgado eta Egoitz Begoña Zuzendaritza Batzordeko kidearen gidaritzapean, peñaren egoitzatik pasa dira Kosladako lagunei plaka ofiziala eta gizonezkoen lehen taldeak sinatutako kamiseta bat emateko.