"Etxean puntuak batzea gure abiapuntua izan behar da"

"Etxean puntuak batzea gure abiapuntua izan behar da"

Kopako finalerdia zerumugan dagoela, Valverdek garrantzi handia ematen dio biharko partidari, "LaLigan ere ez baikaude oharkabetzeko moduan"

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du bihar 14:00etatik aurrera lehoiek Girona FC-ren aurka San Mamesen jokatuko duten partidaren atarian. Hain zuzen ere, etxean jarduteak erabakigarria izan behar du bere ustez: "Athletic, bere historian zehar, oso indartsua izan da beti San Mamesen, eta arazo gehien etxetik kanpo izan ditugu. Argi izan behar dugu etxean puntuak batzea gure abiapuntua izan behar duela. Hona datozen arerioek badakite zailtasunak izango dituztela eta guk etxean zenbaki onak lortzen ditugula. Guretzat ona da aurkariek hori pentsatzea, baina horretarako hasieratik partidaren bila joan behar dugu".

Montiliviko lehen itzuliko neurketa galdu ondoren, nolabaiteko errebantxa gogoa dago aldagelan: "Partida hori oso gaizki jokatu genuen. Objektiboki, ez ginen batere ondo egon, eta nik, gainera, memorian grabatuta daukadan zerbait da. Han ez zen haien meritua bakarrik izan. Taldeak egiten dituen gauzak ikustarazi zizkidan norgehiagokak, eta horiekin ere ikasten duzu. Zentzu horretan, eurei aurre egiteko gogoa dugu eta, jakina, beste neurketa bat izan dadila".

Aurkariari dagokionez, golak egiten dituen taldea dela azpimarratu du entrenatzaile zuri-gorriak: "Bere zenbakiak gizendu egin ziren joan den astean, ez baita ohikoa hain berdindua dagoen liga honetan sei gol sartzea. Erasoko jokalari askorekin iristen da eta ondo igotzen dira gorantz. Jokatzen saiatzen da eta, aldi berean, kosta egiten zaio atea hutsean mantentzea. Egia da, eta horrek beti duela azalpenen bat. Dena den, ondo doakie eta uste dut denboraldi ona egiten ari direla eta hazten ari direla jardunaldiak aurrera egin ahala".

Azkenik, Valverdek biharko hitzorduan soilik zentratuta dagoela ziurtatu du, nahiz eta hiru egunetan Kopako finalerdia jokatuko duten: "Osasunak bezain beste atseden egun ditugu. LaLigan ere ez gaude oharkabetzeko moduan eta bi partidak garrantzitsuak dira".