Iribar eta Zubizarreta, ondarearen transmisioaren ikur

Iribar eta Zubizarreta, ondarearen transmisioaren ikur

Mitoen arteko hizketaldia, atezainek Athletic Cluben izan duten eragina ardatz

Jose Angel Iribarrek 80 urte beteko ditu datorren martxoaren 1ean eta, horren harira, Athletic Clubek ekitaldi ezberdinak antolatu ditu zarauztarra omentzeko. Horien artean, Iribar beraren eta San Mameseko atepean haren lekua bete zuen Andoni Zubizarretaren arteko solasaldia. 
 

Aretxabaletakoak ez du sekula zarauztarrarekiko duen miresmena ezkutatu eta bere ume garaiko idoloaren urratsak jarraitu nahian, Athletic Clubeko atezain gisara, beltzez jantzita aritzeko ametsa zuen. Baina, Iribarrek berak, beste kolore bat hautatzeko gonbita luzatu zion. Zubizarretak elastiko berdea erabili zuen eta hura soinean zuela 1983 eta 1984 urteetan lau titulu eskuratu zituen. 

Bien arteko solasaldian, “Athleticen historia atezainen bidez azaldu daitekeela” diote: Blasco, Lezama edo Carmelo Cedrunengandik hasita, egungo Unai Simon, Julen Agirrezabala, Mariasun Quiñones eta Amaia Peñaraino. Belaunaldiz belaunaldi eta atezain batetik bestera transmititzen den ondarea, Athletic Cluben iruditegi kolektiboa egituratzeko mugarria.

Bestalde, gogoratu, Iribarren omenez baita, Athletic Clubek hitzartutako klubei zein parte hartu nahi duten talde guztiei, datorren asteburuko partidetan, euren atezainak beltzez jantzita zelairatzeko eskatu die.