Partida aurrekoa: CA Osasuna-Athletic Club (1/2 Kopa - Joanekoa)

Partida aurrekoa: CA Osasuna-Athletic Club (1/2 Kopa - Joanekoa)

Gorritxoek eta lehoiek finalerdietako lehen partida jokatuko dute Sadarren

Egutegian gorriz markatutako hitzordua. Osasunak eta Athleticek Sadarren jokatuko dute Kopako finalerdietako joaneko partida gaurkoan. Gorritxoek eta zuri-gorriek elkarren aurka lehiatuko dira kanporaketako irabazlearentzako sari goxo batekin: leku bat finalean. Berdintasuna nagusi LaLigako zortzigarren eta bederatzigarren sailkatuen arteko derbian, puntu bakarreko aldea baitago bien artean. 21:00etatik aurrera, lehen borroka. Bigarrena, datorren apirilaren 4an, asteartea, izango da San Mamesen.

Lehoiek laugarren aldiz jarraian iritsi dira finalerdietara, 125 urteko historian zehar beste hiru alditan lortu duten balentria. Efemeride berezi horrek bi urratsera baino ez dagoen Kopako hogeita bosgarren titulu hain irrikatuarekin ospatzea merezi du.

Deialdia

Ernesto Valverdek 23 jokalari deitu ditu gaur gauean CA Osasunaren aurka jokatzeko. Athletic Clubek jokalari batzuk berreskuratu ditu Kopako hitzorduari begira, baina Unai Simonen, Morcilloren eta Ander Herreraren bajak ere baditu. Lehen aldiz sartu da lehen taldeko zerrenda batean Ibon Ispizua, Bilbao Athleticeko atezaina.



Valverde


Errepasatu hemen entrenatzaile zuri-gorriaren adierazpenak, gorritxoen eta bizkaitarren arteko norgehiagokaren aurretik.

Aurkaria

Club Atletico Osasuna 1920ko urriaren 24an sortu zen, eta egun horretan bertan jokatu zuen bere historiako lehen futbol partida. Estatuko lau klub profesionaletako bat da, Real Madrid CF, FC Barcelona eta Athletic Club berarekin batera, Kirol Sozietate Anonimo bat ez dena; hau da, klubaren jabetza bazkideek dute.

Txapelketa honetan gorritxoen jardunik onena 2004/05 denboraldian izan zen azpitxapeldun amaitu baitzuten, finala Betisen aurka galduta finalerdietan Atletico de Madrid mendean hartu ondoren. Sevillaren aurka 1935ean, Bartzelonaren aurka 1936an eta 1988an, eta Recreativo de Huelvaren aurka 2002an, hurrenez hurren, jokatutako finalaurrekoen ostean, euren historiako seigarren finalerdia da hau. Hauek guztiek porrota ekarri zuten talde nafarrarentzat. Jagoba Arrasatek aulkitik zuzendutako jokalariak Kopako finalerdietara iritsi dira berriro, etxetik kanpo CD Fuentes, CD Arnedo, Nastic de Tarragona eta Real Betis, penaltietan, eta, azkenik, final-laurdenetan, Sevilla FC Sadarren gaindituta.

Bizkaitarrek eta nafarrek joaneko eta itzulerako hirukanporaketa jokatu dituzte Koparen historian zehar, eta azken emaitza beti izan da lehoien aldekoa. Haatik, orain arte, bi taldeek ez dituzte inoiz indarrak neurtu finalerdietan. Bi taldeen arteko azken kanporaketa 2008/09 denboraldiko final-zortzirenetan izan zen. Orduan, joaneko norgehiagoka Reyno de Navarran jokatu zen, 1-1eko emaitzarekin. Itzulerako neurketan zuri-gorriek 2-0 irabazi zuten San Mamesen, Gabilondoren eta Ion Velezen golei esker. 1960/61 denboraldian final-hamaseirenetan jokatu zuten elkarren aurka eta, Iruñan 1-0 galdu ondoren, lehoiek kanporaketa bereganatu zuten San Mamesen 2-0 irabaziz. Azkenik, 1955/56 denboraldian, joaneko partida San Mamesen jokatu zen 4-1eko aldeko emaitzarekin eta itzulerakoan Sadarren 2-2 berdindu zuten.

Gauzak honela, Kopan, Athletic Clubek aurkariak baino balantze hobea du: hiru garaipen, bi berdinketa eta porrot batekin. Hori bai, zuri-gorriek ez dute inoiz garaipenik lortu Osasunaren zelaian jokatutako partidetan: bi neurketa berdinduta amaitu ziren eta bat galdu zuten.

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu zaitez gure Athleticen partida ez galtzeaz.