Lezamak bere instalazioak partekatuko ditu AC Stage-n bidez

Lezamak bere instalazioak partekatuko ditu AC Stage-n bidez

AC Football Experiencesen proiektu berriari esker, klub eta federazioek kontzentrazioak egin ahal izango dituzte Athletic Cluben

AC Stage jaio da, Athletic Cluben proiektu berria, munduko gainerako taldeei Lezamako instalazioetan kontzentrazioak eta entrenamendu-aldi trinkoak egiteko aukera ematen diena. Horrela, kirol errendimendu handiena bilatzen duten klub eta federazioek euren 'prestakuntza stage' propioa planifikatu ahal izango dute faktoria zuri-gorrian, Argentinako selekzioak egin zuen bezala, Wembleyn iragan maiatzean jokatu zuen Txapeldunen Kopako finala prestatzeko.

Athletic Cluben instalazio berrituek kalifikazio ezin hobea dute futbolaren munduan, eta Lezama agertoki ezin hobea da futbol taldeen zein gainerako kirol entitateen behar guztiei erantzun globala emateko. Joan den ekainean inauguratutako Iribar egoitzak 58 kirolarirentzako lekua du eta haren inguruan lehen mailako bederatzi futbol-zelai, atezainak entrenatzeko berariazko guneak, gimnasioak, pabiloi estalia, jantokiak eta aldagelak daude.

Azken batean, Athletic Cluben harrobiaren bikaintasunari eusten dion goi mailako errendimendua lortzeko leku aproposa da Lezama, eta orain munduko gainerako taldeek ere bertatik bertara bizi ahal izango dute esperientzia, ahalik eta kirol etekinik handiena atera dezaten.

AC Football Experiences-en hirugarren zutabea

AC Campus eta AC Cup bezala, AC Stage ere AC Football Experiencesen babespean sortu da, urteetan zehar Lezaman pilatutako jakintza, metodologia eta esperientzien transmisioa optimizatzera bideratuko proiektuaren barruan. Izan ere, Europan ospe eta aintzatespen handiena duen futbol akademietako bat da Lezama, eta orain ateak ireki dizkio munduari. 

Nahiz eta hiru proiektu hauek independenteak izan euren artean, AC Football Experiences taldearen babespean daude,  Athletic Cluben balioez eta idiosinkrasiaz gozatzeko eta ikasteko aukera ematen duen proiektu globala.