125 urteko historiako lagunartekoak, AC Museoan

125 urteko historiako lagunartekoak, AC Museoan

Athletic Clubeko museoaren aldi baterako erakusketa berriak historia zuri-gorriko lagunartekoetan lortutako garaikur eta partidu garrantzitsuenak nabarmentzen ditu

Athletic Clubek 125 urte daramatza futbolean jokatzen. Denbora horretan 7.000 partida inguru jokatu ditu, 700 talde baino gehiagoren aurka, eta horietatik 2.000 inguru lagunartekoak izan dira.

Garai batean, lagunarteko partida horiek atzerriko taldeak ikusteko aukera bakarra ziren, eta lagunarteko txapelketak ofizialak balira bezala baloratzen ziren.

Gaur egun ere, nahiz eta garai bateko begirunerik ez izan, efemeride garrantzitsuenak lagunarteko partidu batekin ospatzen dira.

Erakusketa berri honetan Athleticek 1898an sortu zenetik lortutako lagunarteko garaikurrik esanguratsuenetako batzuk bildu dira.

Batzuk erreferentziazko trofeoak izaten jarraitzeagatik, Teresa Herrera edo Karrantza kasu, biak gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak irabazitakoak; beste batzuk balio historikoagatik, Madrilgo Udalak Errepublikaren lehen urteurrena zela-eta antolatutakoa eta Athleticek eta Madrilek jokatu zutena; edo bere balio ekonomikoagatik, hala nola Concepcion Arenal Trofeoa, urrezkoa eta 50.000 pezetatik gorako balioa zuena 1953. urtean.

Guztira 18 garaikur dira, Athleticek kontserbatu zituenen zati txiki bat, eta partida horiek jokatu ziren taldeen 12 banderatxo.

Era berean, erakusketak Athletic Clubek 125 urte hauetan aurkari izan dituen eta oraindik jardunean jarraitzen duten guztiei (480 inguru) bidali dien lamina pertsonalizatua erakusten du.