"Barçari irabazteak denok behar dugun poza emango liguke"

"Barçari irabazteak denok behar dugun poza emango liguke"

Dani Garciak garaipena lortzeko aukerak izango dituztela uste du "gure maila ematen badugu, zaleen babesarekin batera"

Dani Garcia Athletic Clubeko erdilaria hedabideen aurrean agertu da, lehoiek FC Barcelona San Mamesen hartu baino hiru egun lehenago (igandea, 21:00etan). LaLigako liderrak dira, baina 14 zenakidun zuri-gorria baikor agertu da: "Badakigu zaleei horrelako partidak gustatzen zaizkiela. Barçari irabazteak denok behar dugun poza emango ligukeela uste dut. Gure maila ematen badugu, zaleen babesarekin batera, irabazteko aukerak izango ditugu. Intentsitate handiz atera behar da, protagonismoa kendu behar zaie eta, haien areara hurbiltzen garenean, min handia egin behar zaie. Haiek ere baja garrantzitsuak dituzte eta aprobetxatu egin beharko genituzke".

Gainera, Zumarragakoak emaitza onak lehenbailehen kateatu behar dituztela aitortu du markatutako egitasmoa betetzen saiatzeko: "Taldea partida bat irabazteko gogoz dago, bolada txarrarekin gatozelako. Egoera honetan, dinamika on bat lortzen baduzu, goikoekin jartzen zara eta, bestela, helburu finkorik gabe geratzen zara, beste batzuetan gertatu zaigun bezala. Europan sartzeko borrokatzeko talde bat dugula uste dut".

Azkenik, Dani Garciak Katedraleko berdegunean jokatzeak beti sortzen dion ilusioa azpimarratu du: "San Mamesen jokatzea berezia da, eta are gehiago ni bezalako jokalari sutsu batentzat. Horrelako partidetan jendea asaldatuago dago eta plazera da hori. Igandean jokatzen badut, asko gozatuko dut eta, egia esan, gogoa daukat".