"Ezin dugu itxaron beheko arerioen aurka emaitzak lortu arte"

"Ezin dugu itxaron beheko arerioen aurka emaitzak lortu arte"

Iturregik badaki taldeak "puntuak atera behar dituela denboraldiko azken partidetara premiarekin ez iristeko"

Athletic Clubeko entrenatzailea hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Lezaman, taldeak Madrilerako bidea hartu baino lehen. Bihar Athletic Clubek Madrid CFF izango du aurkari Fuenlabradan (12:00etan) Liga F-ko 22. jardunaldian. Iragan astean Lezaman galdu ondoren, Iraia Iturregik aulkitik zuzendutako taldeak garaipena lortzea du helburu.

Joan den astean hiru garaipen jarraian lortu ez izana deitoratu du lehoi ohiak: "Valentziaren aurkako partida iragana da eta neurketaren alderdi batzuk zuzentzen saiatu gara. Porrot bat duzunean hurrengo norgehiagoka iristea nahi duzu, buelta eman eta hiru puntuak eskuratzeko. Egia da etxean irabaztea kostatzen ari zaigula eta amorrua ematen digu Lezama gotorleku bihurtu ezin izateak. Gure zaleei garaipenak eskaini ahal ez izatea".

Iturregik Madrid CFF-ren kontrako bi aurrekariak ekarri ditu gogora, Lezamako ligakoa (0-2) eta Kopakoa Fuenlabradan, non zuri-gorriek 0-2 irabazi zuten: "Partida ezberdina espero dut biharko, baina aurrean antzeko talde bat. Jokalari oso erabakigarriak ditu goian, intentsitate handiarekin presionatzen du, eta aurrelari oso azkarrak ditu".

Athletic Clubek bizi duen momentuari dagokionez, Iturregik esan du "egia da ligan denboraldi zaila izaten ari dela, baina baita ere, jokalari gazteekin Kopako Lauko Finalean sartu gara. Etxean sailkapeneko beheko aldean dauden arerioen aurkako neurketak ditugu orain. Emozioak kudeatzen jakin beharko dugu denboraldiko azken fasera iritsitakoan, eta geldialdia baino lehen puntuak ateratzen saiatu, eremu arriskutsu horretatik aldentzeko eta tentsio eta presio horrekin amaierako neurketa horietara ez iristeko".

Athletic Cluben deialdia:

Zerrenda 20 futbolarik osatzen dute: Quiñones, Amaia Peña, Landaluze, Valdezate, Nekane, M. Unzue, Y. Corres, Monente, Oguiza, Eunate, Pinedo, Azkona, Nerea Nevado, Mariana, Arana, Peke, Elexpuru, S. Ortega, M. Zubieta eta J. Amezaga. Itxaso deialdik kanpo gelditu da gaixorik dagoelako.