Bertso Derbia Basaurin

Bertso Derbia Basaurin

Bertsolari zuri-gorrien eta txuri-urdinen arteko hitzordu klasikoa apirilaren 15ean, larunbata, ospatuko da goizeko 12:00etan, derbiaren atarian

Basaurik, Iribar bere lehen gaztaroan hartu zuen herriak, Bertso Derbiaren edizio berri bat ospatuko du, Athletic Club Fundazioak Realaren fundazioarekin elkarlanean antolatua. Bertsolari zuri-gorrien eta txuri-urdinen arteko hitzordu klasikoa apirilaren 15ean, larunbata, izango da, eguerdiko 12:00etan, Basauriko Sozial Antzokian.

Aurtengoan Arkaitz Estiballesek hartuko du parte gai-jartzaile gisa eta bertan izango dira zuri-gorrien aldetik Onintza Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Etxebarriazarraga. Realaren aldetik, Andoni Egañak, Alaia Martinek eta Julio Sotok hartuko dute parte.

Athletic Clubaren eta Realaren fundazioek martxan jarritako Bertso Derbiaren bitartez eskenatoki, plaza zein zelaietan bizitzen den zaletasun zintzo bezain aberasgarria sustatu nahi da. 2012an lehen aldiz ospatu zenetik, euskal kultur panoramako bertsolari ezagunenetako batzuk igaro dira Bertso Derbitik.