Oihan Sancetek 2032ra arte berritu du bere kontratua

Oihan Sancetek 2032ra arte berritu du bere kontratua

Nafarrak, golegile zuri-gorri nagusiak, zortzi denboraldiz luzatu du Athleticekin duen lotura

Athletic Clubek eta Oihan Sancetek akordioa sinatu dute jokalariaren lotura zortzi denboraldiz luzatzeko, 2032ra arte. 22 urterekin, nafarra Klubean oraina eta proiekziorik handiena duen futbolarietako bat da, denboraldi honetan bertan erakutsi duen bezala, taldeko golegile nagusia zortzi golekin azaldu ostean.

Sancetek aurrerapauso bat eman du iraupen luzeko kontratu bat sinatzeko orduan. Gaur Getaferen aurka jokatutakoarekin, 21 urtez azpiko internazionalak 107 partida jokatu ditu lehoi gisa, 17 gol sartuta. Lezamarekiko konpromiso handia duela zortzi urte hasi zen, Athletic Clubera kadete mailan iritsi zenean. Maila ezberdinetan aurrerapausoak emanez joan zen 2019ko abuztuaren 16an Gaizka Garitanoren aginduetara debuta egin arte, FC Barcelonaren aurkako garaipenean, Aritz Adurizek txilenaz sartutako gol ahaztezinarekin.

Futbolariak Jon Uriarte presidentearekin eta Mikel Gonzalez futbol zuzendariarekin egon da sinatzen San Mamesen. Ekimen berritzaile gisa, Sancet bera izan da Getafe CFren aurkako partida amaitu ondoren berdegunetik kontratua berritu duela jakinarazi diena zaleei.

Oihan Sancet pozik agertu da taldearekin duen lotura zortzi denboraldiz luzatu ostean: “Pozik nago, etxean, egon nahi dudan lekuan. Athletic erronka handia da Euskal Herriko jokalarientzat eta nik erronka horren parte izan nahi dut. Ez dago klub hoberik futbolari eta pertsona gisa aurrera egiteko. Klubak apustu sendoa egin zuen nire alde kadetea nintzenean eta orain ere asmo handiko proiektu batekin. Nigan jarritako konfiantza guztia itzuli nahi dut zelaian”.

Bestalde, Jon Uriartek azpimarratu du berritzea zuzendaritzak ezarritako zutabe estrategikoetako baten barruan kokatzen dela: "Albiste bikaina da Athleticentzat. Ahalik eta jokalaririk onenak izan behar ditugu beti, Klubak dituen parametro eta aukeren arabera. Oihan jokalari diferentziala da. Gure futbolari guztiak oso garrantzitsuak dira, baina lehen taldera salto egin zuenetik erakutsi du zerbait desberdina duela. Ez du sabairik, bide luzea du egiteko”.

Uriartek, halaber, jokalariak Athleticekin hartu duen iraupen luzeko konpromisoa azpimarratu du: “Gure harrobiko mailetan eta Euskal Herriko gainerako zelaietan daukagun talentuarentzat oso eredu ona dela uste dugu”.