Zatoz jada nigana. Kopa 2023
Gariren 'Amets' abestia oinarri gisa hartuta, Athletic Clubek denboraldi bukaerari ekiteko mezu soziala aurkeztu du
Umezaroko ametsek bizi bulkada iraunkorra dakarte eta eurengan arreta jarri du Athletic Clubek denboraldi amaierarako erronkei begira eraiki duen mezu sozialean. Euren artean, Club Atletico Osasunaren aurka datorren asteartean, apirilak 4, 21:00etatik aurrera San Mamesen jokatuko den Kopako finalerdietako bueltako partida.
Iñaki Garitaonandia “Gari” abeslariaren “Amets” kanta ardatz hartuta eta zuzeneko bertsioa erabiliz, Athletic Club-ek bideo berri bat zabaldu bere kanaletan. Bertan, gizonezkoen lehen taldeko futbolari guztien argazkiak bildu dira, euren umetako irudiak eta elastiko zurigorriarekin debuta egin zuten eguneko imajinak elkarlotuz. Nahasketa horren bitartez, ilusioak eta ametsak betetzeko grinak hauspotutako ibilbidea irudikatu da.
Legazpin jaioa, Gari, euskal eszenako figurarik esanguratsuenetako bat izatearekin batera, athleticzale handia da eta klubari ekimen honetan bere abestia erabiltzeko baimena eman dio.
Bere ibilbide musikala Ziper bandarekin hasi zuen, ondoren Hertzainak taldearen frontman karismatikoa bihurtuz. Arabarrekin, bere lehen albuma kaleratu zuen 1984an, Athletic Clubentzat berezia izan zen urte berean. Hertzainakek, Ernesto Valverdek biziki maite duen bandak, bere azken kontzertua iragan urtarrilean eskaini zuen Gasteizen. Horrekin batera, 90eko hamarkadaz geroztik, Gari bakarlari gisa aritu da, Euskal Herriko hainbat agertokitan emanaldiak eskainiz eta “Amets” bezalako abestiak sortuz.
Kantak jokalari zein zaletuen nahiarekin bat egiten du, bete-betean, eta “odol gorria, bihotz zuria, ametsaren bidean noiz agertuko ote zaren itxaropenean” bezalako mezuekin.
Amets horiei heldu nahi diete Athletic Club-eko futbolari guztiek, taldea bultzatuko duen San Mameseko publikoak eta euren etxeetatik indarra helaraziko duten milaka lagunek, guztion artean helburu amankomuna lortzeko: “Zatoz jada nigana”.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - CA Osasuna

