"Guztiarekin jokatu behar dugu: giroa, bihotza eta burua"

"Guztiarekin jokatu behar dugu: giroa, bihotza eta burua"

Valverdek "ilusioz" eta "aprobetxatu nahi dugun aukera" baten aurrean daudela aitortu du

Ernesto Valverdek bere iritziak eman ditu Kopako finalerdietako itzulerako partidaren atarikoan. Bihar, 21:00etatik aurrera, lehoiek CA Osasuna hartuko dute San Mamesen eta joaneko 1-0ekoa irauli beharko dute final handira sailkatzeko. Athletic Clubeko entrenatzaileak badaki hitzorduaren garrantzia: "Ez dago besterik. Partida hau behin betikoa da eta irabazten saiatu behar dugu hasieratik, batez ere, markagailuari buelta eman behar diogulako. Kanporaketaren bigarren zatia da, desabantaila daukagu eta gainditzen saiatu behar dugu. Guztiarekin jokatu behar dugu: giroa, bihotza eta burua. Beraiek ere gauza bera pentsatuko dute. Asko dago jokoan eta, kasu hauetan, finalerdi bateko presioa kudeatzen jakiteak asko balio du neurketako egoera guztietan".

Athleticek Kopako lau finalerdi jarraian kateatu ditu eta Osasuna baino ohituago dago horrelako norgehiagokak jokatzera. Hala ere, teknikari zuri-gorriak ez du uste erabakigarria denik eta beste era batera aurre egin behar diotenik: "Esperientzia izatea beti dago ondo. Hemen taldeaz ari naiz, baina ez dut uste guretzat abantaila denik. Oro har, jokoan jarri behar dugu arreta. Atzean dagoen guztiak bultzada bat izan behar du partidaren bila joateko. Joanekoan, bien aldetik zehaztasun falta gehiegi izan zirela iruditzen zait. Bazirudien denok geundela baloiarekin borrokan, eta zegoen presioaren ondorio zen".

Bi taldeek sari handia dute aurrean eta Valverdek bere jokalariak ondo ikusten dituela esan du: "Ilusioz gaude, argi dago. Aprobetxatu nahi dugun aukera da, eta dena ematera joango gara. Larunbatean irabazi izatea gustatuko zitzaigun, baina ondo gaude. Jokoaren pisu guztia eraman genuen, denboraldian zehar partida askotan gertatzen ari den bezala. Gure kasuan, egoera hobean iritsiko gara norgehiagoka honetara, joaneko partidaren aurrekoan ezbehar asko izan genituelako. Haatik, batzuetan joerek ez dute eragin handirik izaten".