
“Ikusi Mendizaleak jada ez da nirea, herriarena da”
“Ikusi Mendizaleak jada ez da nirea, herriarena da”
Larunbateko omenaldiaren aurretik, Athletic Clubek Sabin Lopez de Guereño bisitatu du, kanta herrikoi honen egilea
Athleticek Sabin Lopez de Guereño omenduko du larunbat honetan San Mamesen, "Ikusi Mendizaleak" kanta herrikoiaren egilea. Omenaldia Realaren aurkako LaLigako partida hasi baino minutu batzuk lehenago burutuko da.
Lopez de Guereñok, familiarekin batera, lehen esaldiak abestuko ditu San Mameseko berdegunetik bertatik eta, ondoren, zelaira joango diren milaka pertsonek lagunduko diote.
Ekitaldia baino egun batzuk lehenago, Deustuko bere etxean eta Argiñe Zarraga emazteak lagunduta, Athletic Cluben bisita jaso zuen. Bertan, “Ikusi Mendizaleak” kantaren letra zein melodia 1966 urtean sortu zituela azaldu zuen. Diktadura garaian sortua, kantaren hedapen herrikoiak egilea erabat txunditu zuen. Hainbeste, erregistratu ondoren, autore bakar gisa onartua izateko borrokatu izan behar zuela.
1968an, Andoni eta Irune neba-arrebak kanta euren LP batean sartu zuten eta orduko “Euskal Hit Parade” delakoan aurreneko postua lortu zuen. Publikoki eta bere harridurarako, Lopez de Guereñok aurreneko aldiz orduko legeditik at zegoen Aberri Eguna batean entzun zuen berak sortutako abestia. Gerora, hainbat ekitaldi zein jaialdietatik harago, musika talde ugarik euren errepertoriora atxikitu zuen. Alaiak, Imuntzo eta Beloki, Leihotikan edo Oskorri bezalako bandek eta Melanie Doutey abeslari paristarrak abestiaren bertsioak osatu dituzte.
Kantuaren babes eta ezagutza maila altua da. Horren lekuko, San Mamesen edo Athleticen ospakizunetan ere tokia hartu izana. Besteak beste, 1997-1998 denboraldian, klubaren mendeurrenean, bigarren postua lortu osteko ekitaldietan, hainbat jokalarik eta Bilboko udaletxe aurrean bildutako herritarrek “Ikusi Mendizaleak” elkarrekin kantatu zuen.
Abesti hau euskal kulturaren ikono herrikoia da, baina Sabin Lopez de Guereñok sortu zuen 1966an. Bost hamarkada geroago, Athletic Clubek omenaldi berezi bat egin nahi dio gure lurraldeko kanturik maitatuenetako baten egileari.