"Oso maila onean aritu gara"

"Oso maila onean aritu gara"

Valverde pozik agertu da lortutako garaipenagatik, "garrantzitsua baitzen etxean irabaztea"

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea pozik agertu da lehoiek Realaren aurkako derbia irabazi ostean: "Oso maila onean aritu gara eta pozik gaude hiru puntuekin. Garrantzitsua zen guretzat etxean irabaztea. Derbia zen eta badakigu nolako tentsioa eta animazioa dagoen eta horrek zer esan nahi duen bi taldeentzat. Oso ondo aritu gara lehen zatian, jokoa menderatu egin dugu. Haiek, bigarrenaren hasieran, altuago atera dira eta arrisku-egoeraren bat sortu digute. Gero gehiago finkatu gara zelaian eta hortik etorri da 2-0ekoa lortzea. Gero, egia da azkenean estutu gaituztela eta gola sartzeko aukeraren bat izan dutela. Uste dut, ahal den neurrian, ondo kontrolatu dugula partida".

Poztasun horren ostean, entrenatzaile zuri-gorriak gertuago ikusten du ezarritako helburuak betetzea, baina lasai jarraitzen du: "Ezarri ditugun helburuak lortzeko borrokan jarraitu behar dugu. Sailkapenari ez diot asko begiratzen, baina orain fase erabakigarrian gaude. Partida bakoitza oso garrantzitsua da eta hirunaka batzea funtsezkoa da".