Eskalza Athletic Taldea peñaren inaugurazio ofiziala Arrankudiagan

Eskalza Athletic Taldea peñaren inaugurazio ofiziala Arrankudiagan

Ekitaldian izan dira Iribar, Dani, Garay, Otaolea, Lekue, Ander Herrera, Yulema edota Paula Arana

2018ko irailean, Iberlanda tabernan, futbol-zelaiaren ondoan eta Nerbioi ibaiaren ertzean, peña sortu zen. Hil osteko omenaldi gisa, Javier Eskalza auzokide ospetsuenaren izena eraman behar zuen, 1974tik 1980ra jokatu zuen ezker alboko zuri-gorria, alegia.

Iñaki Aretxaga presidente eta Aritz Galarza idazkari direla, Eskalza Athletic Taldeak bere eguneroko lanari eusten dio geroztik, "Arrankudiagako gazteenek hemengo jokalarien erreferentziak ezagutu ditzaten, desberdinak garelako, izaten jarraitu nahi dugulako eta gero eta zailagoa delako". Pandemiak eta koronabirusak nahi baino gehiago atzeratu zuten ekitaldia, eta asteazken honetan, hilak 19, Jose Angel Iribar eta Pablo Otaolea, 7 urtez Javi Eskalzaren aldagelako kideak, izan dira bertan. Arrankudiagako peñakideek ere horrela egin ahal izan diote gorazarre Txopori.

Inaugurazioan, gainera, Iñigo Lekue eta Ander Herrera izan dira, gizonezkoen lehen taldearen aldetik, eta Yulema Corres eta Paula Arana, emakumezkoen lehen taldearen aldetik.

Javier Eskalzak Lasesarretik eta Barakaldotik San Mamesera jauzi egin zuen, 1974ko apirilaren 27an Las Palmasen debutatuz Milorad Pavicek zuzendutako taldearen eskutik, bere ibilbidea lehoi gisa 206 partida ofizialen ondoren amaitu zuen arte, azkena Castillaren aurkako Kopako kanporaketa izanda Helmut Senekowitsch zuri-gorrien aulkian egon zen garaian. Ondoren, Espanyolen, Sabadellen eta Sestao Sporten jokatu zuen. 1987an botak zintzilikatu zituen berde-beltzekin Bigarren A Mailan. Javierrek 55 urte zituela utzi gintuen 2007an.