Partida aurrekoa: UD Almeria-Athletic Club (LaLiga 30. J)

Partida aurrekoa: UD Almeria-Athletic Club (LaLiga 30. J)

Lehoiek bolada onari jarraipena eman nahi diote Europako txapelketetarako sailkatzeko borrokan jarraitzeko

LaLigan bi garaipen jarraian kateatu ondoren, Athletic Clubek datorren denboraldian Europako txapelketetan parte hartzeko aukera ematen duten postuetatik gertu jarraitzen du. Gaur arratsaldean, 16:15etik aurrera, lehoiek Union Deportiva Almeria bisitatuko dute, maila gorenera itzuli den denboraldian jaitsiera saihesteko lehian dagoen taldea. Bederatzi jardunaldi besterik ez dira geratzen eta txapelketako fase erabakigarrian murgildu gara, astero finalak jokatzen ditugularik.

Lehen itzuliko hitzordua bizkaitarren aldekoa izan zen, San Mamesen 4-0 irabazi baitzuten Iñaki Williamsek, Sancetek, Nico Williamsek eta Vesgak, penaltiz, sartutako golei esker.

Deialdia

Entrenatzaile zuri-gorriak 22 jokalari deitu ditu UD Almeriaren aurka jokatzeko. Lekue, Morcillo eta Muniainen baja ezagunei Dani Garcia gehitu behar zaie, denboraldiko bosgarren txartel horia ikusi baitzuen azken neurketan eta zikloa beteko baitu. Bestalde, De Marcos zerrendara bueltatu da zigorra bete ondoren.

Valverde

Errepasatu hemen Ernesto Valverderen adierazpenak osorik, almeriarren eta bilbotarren arteko partidaren aurretik.

Aurkaria

Unión Deportiva Almería 1989ko uztailaren 26an sortu zen, Almeria Club de Futbol izenarekin, eta 2001ean hartu zuen gaur egungo izena. Bigarren Mailako txapeldun izan ondoren maila gorenera igo berri, UD Almeriak XXI. mendetik aurrera bizi izan ditu bere urterik arrakastatsuenak, 2006/07 denboraldian Lehen Mailara igo zen eta sei denboraldi eman zituen (horietako lau jarraian). Gainera, Errege Kopako finalerdietara iritsi zen 2011n, Futbol Club Barcelonak kanporatu zuen orduan eta bere historiako lehen finala izan zitekeenaren atarian geratu zenean. Lehen Mailan debuta egin zuen denboraldian (2007/08) bere emaitza historikorik onena lortu zuen (8. postua), UEFA-ko Intertoto Koparako sailkapen postuetan amaituz, baina azkenean ezin izan zuen jokatu lehiaketan izena eman ez zuelako.

Gaur egun, talde andaluziarra da salbazioa markatzen duena, 30 punturekin, jaitsieratik hiru puntura. Rubik zuzentzen duen taldeak garaipen bakarra lortu du azken bost partidetan, atzetik daukan Valencia CF taldearen aurka hain zuzen ere.

Estatistikak

2007/08 denboraldian LaLigan lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutenetik, UD Almeriak eta Athleticek 13 partida jokatu dituzte guztira maila gorenean, eta zuri-gorriek balantze positiboa izan dute: zortzi garaipen, hiru berdinketa eta bi porrot.

Power Horse Stadiumean jokatutako neurketei dagokienez, lehen Juegos del Mediterraneo deitzen zen zelaian, zenbakiak lehoien aldekoak dira ere: hiru neurketa irabazi dituzte, bi berdindu eta bakarra galdu.

Bi taldeen arteko azken bost norgehiagokei erreparatuz, lehoiak hiru aldiz irten dira garaile eta berdinketa bat eta porrot bat erdietsi dituzte beste bi bisitetan.

Kontsultatu UD Almeriaren aurkako estatistika osoak.

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu ez duzula gure Athleticen partida galtzen.