Etorri San Mamesera

Etorri San Mamesera

Athletic Clubek dei egiten die zaleei, ordutegiak gorabehera, Europa jokoan izango duten hurrengo bi partidetara joan daitezen

Datozen bi ostegunetan, Athletic Clubek San Mamesen jokatuko du, Sevilla FC eta Real Betis Balompieren aurka, 22:00etan. Ordutegi horrek, astegunak izanda, asko zailtzen du gure zaleen bertaratzea. Klubak badaki bere bazkideen zati handi batek ahalegin handia egingo duela zelaira joateko, baina zalantzarik gabe merezi du. Horregatik, Athletic Clubek bere zaleei dei egiten die bi partidetara joateko eta taldeari laguntzeko, orain arte egin duen moduan. Azken finean, bi neurketa erabakigarri dira azken txanpa honetan, Europako helmuga desiraturantz daramana. Katedralak orro egiten jarraitu behar du, denboraldiaren hasieratik egin duen bezala. Era berean, San Mamesera joaterik ez duten pertsonek txartela app-aren bidez, beste pertsona bati edo Klubari lagatzeko eskatu du Klubak, eserlekua hutsik gera ez dadin. Europa jokoan dagoela, dena da garrantzitsua eta are gehiago gure zaleen laguntza. San Mames zain daukazu.

Jon Berasategi zuzendari nagusiak azaldu duenez, "taldearen eta zaleen arteko elkartasunak une ahaztezinak utzi ditu denboraldi honetan. Klubak asistentzia eta erantzun athleticzalea sustatzeko egin duen ahaleginari esker, hiru aldiz hautsi da publiko bertaratuaren aurreko errekorra". Izan ere, bataz besteko ikusle kopurua 44.000 pertsonatik gorakoa da dagoeneko, eta pena litzateke San Mameseko giroa bi ordutegi kaltegarriren erruz ahultzea. Gomendagarria baino beranduago, baina gure zelaian hain klasikoak izan diren eta datorren denboraldian errepikatzea espero dugun futbol-gau horietako bat da, hori bai, Europako txapelketetan.

Kexa formala LaLigari

Era berean, Athletic Clubek jakinarazi nahi du ordutegi horien berri izan zuenean kexa formal bat helarazi ziola LaLigari, gaueko 22:00etan etxean bi partida jarraian izateagatik bere desadostasuna adieraziz, zale zuri-gorriak nabarmen kaltetzen dituztelako.