
Paula Aranak 2025era arte berritu du
Paula Aranak 2025era arte berritu du
Gasteizko aurrelariak bi denboraldiz luzatu du kontratua Athleticekin
Athletic Clubek eta Paula Aranak (22 urte) akordioa itxi dute aurrelariaren kontratua bi denboraldiz luzatzeko, 2025eko ekainaren 30era arte. Erasoko jokalaria 2018-19 denboraldian iritsi zen Lezamara, Gasteizko Aurrera taldetik, eta 63 partida jokatu ditu jada lehen taldearekin.
Aranak zortzi gol egin zituen bigarren taldearekin bere lehen denboraldian, eta 2020-21 sasoian lehen taldearekin jokatzeko aukera izan zuen. Bere debuta Deportivo Abancaren aurka izan zen Lezaman. Bigarren taldearen eta lehen taldearen artean denboraldi bat txandakatu ondoren, iaz Lehen Mailan finkatu zen eta bere lehen gola Kopan Racing Feminasen aurka sartu zuen. 2022-23 denboraldian Liga eta Koparen artean 26 partidatan parte hartu eta hiru gol sartu ditu.
Gasteiztarra 17 urtez azpiko Munduko txapeldun bilakatu zen Uruguain, Nerea Nevado eta Naroa Uriarterekin batera.
San Mamesen egindako ekitaldian, Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentea eta Xabi Arrieta emakumezkoen kirol zuzendaria izan zituen lagun. Gasteiztarra oso pozik agertu zen kontratua berritzearen albistearekin: "Asko ikasi dut, baina oraindik asko dut hobetzeko. Athletic familia bat da eta bertan izan ez arte ez duzu sentitzen zer nolakoa den hemen egotea. Ez dago leku hoberik". Lehoiak denboraldia ondo amaitzea eta epe laburrean taldea are lehiakorragoa izatea espero du.