
Partida aurrekoa: RCD Mallorca-Athletic Club (LaLiga 32. J)
Partida aurrekoa: RCD Mallorca-Athletic Club (LaLiga 32. J)
Ernesto Valverderen taldeak garaipena lortu behar du Visit Mallorca Estadin Europako txapelketarako txartela ematen duten postuekin distantzia murrizteko
Estutzeko unea da. Athletic Clubek datorren denboraldian Europako txapelketarako txartela ematen duten postuekiko aldea murrizteko beste aukera bat izango du gaurkoan. Hori lortzeko, lehoiek ahal duten guztia egin beharko dute RCD Mallorcaren aurka (19:00etan) hiru puntuak lortzeko eta sentsazio onekin jarraitzeko, nahiz eta aurreko jardunaldian Sevilla FCren aurka estropezu egin. Gero eta norgehiagoka gutxiago falta dira txapelketa amaitzeko eta partida bakoitzak kutsu erabakigarria hartuko du.
Deialdia
Entrenatzaile zuri-gorriak 21 jokalari deitu ditu RCD Mallorcaren aurka jokatzeko. Morcillo, Iñigo Martinez eta Muniain deialditik kanpo geratu dira arazo fisikoren ondorioz. Horiei zigorra bete behar duen Sanceten baja gehitu behar zaie, baita azken orduan min hartu duen Ander Caparena ere. Bestalde, Vesgak eta Zarragak zigorrak bete ondoren eta Lekuek lesioa gainditu ostean, zerrendara itzuli dira. Azkenik, harrobiko jokalaria den Unai Gomez bigarren aldiz jarraian Ernesto Valverderen zerrendan sartu da.
Valverde
Errepasatu hemen Ernesto Valverderen adierazpenak osorik, Mallorcako taldearen eta zuri-gorrien arteko partidaren aurretik.
Aurkaria
1916an sortua, ehun urte baino gehaigo dituen klub bati egingo diogu aurre, Balear Uharteetako zaharrena. Aurreko denboraldiko azken jardunaldi izugarrietan LaLigan mantentzea lortu ondoren, hau da goi mailan jokatzen duen hogeita laugarren aldia eta sendo doa aurrera. Lehen urte gorabeheratsuen ondoren, hainbat aldiz jaitsi zen, 1997/98 maila goreneko postua berreskuratu zuen arte eta 16 denboraldi jarraian eman zituen LaLigan. Zalantzarik gabe, bere urterik onenak izan ziren. Igo berritan, bosgarren postuan amaitu zuen eta bi aldiz, 1998/99 eta 2000/2001 denboraldietan, hirugarren postua erdietsi eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen. RCD Mallorcak Errege Kopa bat du (2002/2003), eta nazioarteko txapelketako final bat ere jokatu du: 1998/1999 denboraldian Errekopako finala galdu zuen Lazio italiarraren aurka (1-2).
Denboraldi honetan, Javier Aguirreren agindupean, urte bikaina gauzatzen ari da. Estilo ezaguna du, landua eta aurkarientzat deserosoa dena. Balearrak 40 punturekin hamabigarren postuan daude kokatuta, sailkapenaren erdian estutasunik pasatu gabe, LaLigako onenen artean finkatuta.
Estatistikak
1960/61 denboraldian LaLigan lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutenetik, RCD Mallorcak eta Athleticek 59 partida jokatu dituzte guztira maila gorenean eta erdietsitako emaitzak positiboak izan dira zuri-gorrientzat : 28 partida irabazi dituzte, 14 berdindu eta 17 galdu.
Mallorcan jokatutako partiduei dagokienez, lehoiek balantze kaskarra dute. Jokatutako 29 partidetan, Athleticek 7 irabazi ditu, 10 berdindu eta 12 galdu.
Balearrek eta bilbotarrek Mallorcan jokatutako azken bost partidetako datuen arabera, Visit Mallorca Estadi zelai zaila da lehoientzat.
Kontsulta itzazu RCD Mallorcaren aurkako estatistika osoak.
Athleticzaleak munduan zehar
Zauden tokian zaudela, ziurtatu ez duzula gure Athleticen partida galduko.
Erlazionatutako partidak
RCD Mallorca - Athletic Club

