
“Bost final ditugu aurretik eta horiei aurre egiteko jarrera dugu”
“Bost final ditugu aurretik eta horiei aurre egiteko jarrera dugu”
Iñaki Williamsek jakin badaki azken porrota mingarria izan zela, eta ziur dago taldeak hiru puntu lortuko dituela larunbat honetan
Iñaki Williamsek agerraldia egin du larunbat honetan Villarrealen aurka jokatuko duen partidaren atarian. Horrela aztertu du aurrelariak Athleticen egoera LaLigan: "Betisen aurkako porrota gogorra izan zen, ez bakarrik taldearentzat, zaleentzat ere bai. 15 puntu geratzen dira jokatzeke, bost partida, eta horiei aurre egiteko itxaropena eta jarrera dugu. Larunbatean beste aurkari zuzen baten aurka arituko gara, oso zaila izango da, baina sailkapenean dagoen tartea hiru puntutan murrizten saiatuko gara. Taldea ondo dago eta entrenatzailearengan zein egiten dugun jokoan konfiantza dugu”.
Europara joateko aukerei buruz galdetuta, Iñakik argi dauka: "Ez dugu gutxienekoagatik borrokatu behar, Europa Leaguean sailkatzea lortu behar dugu. Aukera batzuei ihes egiten utzi diegu, eta izorratuta joan gara etxera bagenekielako mahai gainean kolpea emateko abagunea genuela. Baina talde honek gauza bat badu, beti altxatzeko indarra da. Taldeak ahal duen guztia egingo du sailkapena lortzeko. Hori da denboraldi hasieran ezarri zen helburua eta horixe da guztiok nahi duguna".
Azkenik, Williams anaien zaharrenak mezu bat helarazi nahi izan die zaleei: "Konfiantza sortu behar dugu berriro inguruan, jendeak ikus dezan borrokan jarraitzen dugula". Babesa ez zaigu inoiz falta izan, zaleek beti erantzun dute eta gurekin egon dira. Ordutegi zailetan ere, beti izan dira hor, eta denboraldia amaitu arte horrela jarraituko dutela uste dut. Gogo hori berriro kutsatzeko unea da".