“Egoera iraultzeko aukera dugu”
RC Celtaren aurkako hiru puntuek garrantzi berezia hartu dute Ernesto Valverderentzat Europan sartzeko borroka "oso irekia" dagoelako
Ernesto Valverdek Athletic Club-RC Celta partidaren atarikoan komunikabideek egindako galderei erantzun die. Entrenatzaile zuri-gorriak taldeak aurreko jardunaldiko porrot gogorra gainditu duela onartu du: "Azken neurketa kolpe gogorra izan zen, batez ere, partida garrantzitsu bat irabazteko itxaropena genuelako. Hausnarketa gun batzuen ondoren, ondo prestatu dugu RC Celtaren aurkako partida eta zapore txarra iraultzeko aukera dugu. Azken txanpan gaude eta partida guztiak garrantzitsuak dira".
Gelditzen diren norgehiagokak garrantzitsuak dira eta biharkoak ardura handia hartzen du Europako txapelketen sailkapenaren borrokan. "Dena oso irekita dago eta aste hauetan dena erabakiko da. Jakina, hiru partida irabazten dituenak zazpigarren postua lortuko du. Zaila da eta, horregatik, pixkanaka joan behar da eta partidarik hurbilenean bakarrik zentratu. Celtaren aurka hiru puntuak lortzera bideratu behar gara", adierazi du Valverdek.
Vigoko taldeak oraindik ez ditu lortu beste urtebetez LaLigan lehiatzeko behar adina puntu, eta beraz, jokoan jartzen diren puntuak bi taldeentzat gutiziagarriak direl uste du Ernestok: "Guk Europan sartzeko aukera dugu. Irabaztera, menderatzera eta aurkaria estutzera atera behar dugu, hori da San Mamesek nahi duena. Hala ere, denboraldian oso ondo aritu den taldea da Celta, baina ez dago bere une onenean. Salbazioa lortzetik gertu daude; beraz, batzuentzat eta besteentzat, puntuak ezinbestekoak dira. Ondo jokatzen duen taldea da, kalitatea duena eta jokalari garrantzitsuak dituena. Espero dut gu atzean indartsu egotea eta aurrealdean sendo egotea".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - RC Celta

