Partida Aurrekoa: Athletic Club - RC Celta (LaLiga 35. J)

Partida Aurrekoa: Athletic Club - RC Celta (LaLiga 35. J)

Emaitza negatiboak kateatu ondoren, lehoiek garaipena behar dute zazpigarren posturako borrokan sendo jarraitzeko

Athleticek garaipena behar du San Mamesen. Lehoiak Katedralera itzuliko dira, datorren denboraldian Conference Leaguera sartzeko aukera ematen duen zazpigarren postua lortzeko lehia gogorrean murgilduta. Talde asko borroka berdinean egonda, Ernesto Valverderen mutilek RC Celta mendean hartu behar dute, datorren denboraldian Europako txapelketa jokatzeko aukera emango dien postu bat lortzeko bidean jarraitzeko. Zurigorriak eta talde galiziarra dinamika txarrean iritsiko dira norgehiagokara, biek emaitza negatiboak kateatu ostean; beraz, garaipena lortzeko nuerketa gogorra espero da.

Deialdia

Teknikari zuri-gorriak 23 jokalari deitu ditu RC Celtaren aurka jokatzeko. Morcillok, Iñigo Martinezek eta Yerayk arazo fisikoak direla eta ezin izango dira taldearekin izan. Bestalde, Vivian deialdira itzuliko da, azken jardunaldian zigorra bete ostean. Unai Gomezek eta Adu Aresek, Bilbao Athleticeko jokalariak, zerrenda osatu dute.

Valverde

Hemen errepasatu zuri-gorrien eta talde galiziarraren arteko neurketaren aurretik Ernesto Valverdek egindako adierazpenak. 

Aurkaria

1923ko abuztuaren 23an sortuta, Real Fortuna eta Vigo Sportingek bat egin ondoren, RC Celtak mendeurrena beteko du aurten. Vigokoek 1939/40 denboraldian egin zuten debuta Lehen Mailan eta ordutik 57 denboraldi egin dituzte maila gorenean, azken hamaikak jarraian 2011/12 denboraldian azken aldiz igo ondoren. Bere sailkapen historikorik onena 2002/03 denboraldian lortutako laugarren postua da, hurrengo urtean Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eman ziona, Arsenalek kanporatu zuen final-hamaseirenetara iritsiz. Gainera, 2000/01 denboraldian Intertotoko titulua lortu zuen eta egungo Europa Leagueko hainbat ediziotan ere parte hartu du, non 2016/17an finalerdietara iristea lortu zuen. Hiru alditan egon da Kopako finalean. 

Galiziarrak garaipen bakarra erdietsi dute ligako azken bost partidetan. Carlos Carvalhalen taldea sailkapenaren erdialdean dago jaitsiera postuekiko distantzia nahikoarekin, baina oraindik ez dago matematikoki salbatuta.

Estatistikak

1939/40 denboraldian LaLigan lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutenetik, RC Celtak eta Athletic Clubek 113 partida jokatu dituzte guztira maila gorenean eta zurigorriek aldeko balantzea dute 59 partida irabazita, 24 berdinduta eta 30 galduta.

San Mamesen jokatu diren 56 Liga norgehiagokei dagokienez, Athleticek 40 garaipen, 11 berdinketa eta 5 porrot lortu ditu orain arte.

Bi taldeek Katedralean jokatutako azken bost neurketei dagokienez, Athleticek garaipen bat lortu du, bi aldiz galdu du eta bi berdinketa lortu ditu.

RC Celtaren aurkako partiden estatistika osoak hemen kontsultatu. 

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden tokian zaudela, ziurtatu ez duzula gure Athleticen partida galduko.