Athleticek Manchester Uniteden aurka jokatuko du Dublinen

Athleticek Manchester Uniteden aurka jokatuko du Dublinen

Lehoien eta ingelesen arteko norgehiagoka Aviva Stadiumen jokatuko da abuztuaren 6an

Athleticek Manchester United izango du aurkari Dublingo Aviva Stadiumen abuztuaren 6an, 17:00etan. Irlandar hiriburuan jokatuko den neurketa denboraldiaurreko laugarrena izango da, Chivas (uztailak 16), Necaxa (uztailak 19) eta Celticen (abuztuak 1) aurkako partiden ostean.

Erik ten Hag entrenatzaile holandarrak zuzenduta, Red Devils taldea hirugarren izan da amaitu berri den Premier Leaguen, Manchester City eta Arsenalen atzetik. Aurten gainera Carabao Cupa irabazi dute eta FA Cupeko finala galdu dute Guardiolaren Manchester Cityren aurka. 

Athleticzaleentzako gune berezian sarrerak erosteko, sakatu hemen.

Redsen aurkako oroitzapen politak

Denboraldiaurrean Europako futboleko erraldoietako bati aurre egiteak suposatzen duen exijentzia handiko testaz gain, uda honetako Athletic-Manchester partidak hainbat pizgarri gehiago ditu zale zuri-gorrientzat.

Izan ere, bi taldeen arteko azken aurrez aurrekoak Klubaren historiako oroitzapenik gozoenetako bat izaten jarraitzen du. Familia zuri-gorriak ederki gozatu zuen 2012ko Europa Leagueko final-zortzirenek ekarri zuten kanporaketa zirraragarrian. Old Trafforden 8.000 eztarri athleticzalek baino gehiagok adoretuta, lehoiek orain arteko Europako garaipenik zirraragarrienetako bat lortu zuten Manchester Uniteden aurka. Futbolaren erakustaldi fisiko eta gogoangarri hartan, Athleticek 2-3 irabazi zion Sir Alex Fergusonen Manchester Unitedi. Ondoren, kanporaketa erabakita utzi zuten lehoiek San Mamesen 2 eta 1eko emaitza zirraragarriarekin, zale zuri-gorrien gozamenerako.

Hala ere, Red Devilsen aurkako lehen oroitzapen handia urte asko lehenago gertatu zen, zehazki 1957ko urtarrilean, Busby Babes talde mitikoak San Mamesera etorri zenean Europako Kopako final-laurdenetako joaneko partida jokatzeko. Norgehiagoka, 'elurraren partida' bezala ezaguna, ezohiko mantu zuri baten azpian jokatu zen Katedralean eta zuri-gorriek 5-3 irabazi zuten. "Futbol bikaina, partida bikaina eta zale bikainak", adierazi zuen partidaren ostean Matt Busby Manchester Unitedeko entrenatzaileak. Reds Devilsek kanporaketa irauli zuten Maine Roaden jokatutako itzulerako partidan, lehoiei 3 eta 0 irabaziz eta Europako Kopatik kanporatuz. Handik gutxira, 1958ko otsailaren 6an, talde ingeles ospetsu hartako zazpi jokalari hegazkin istripu batean hil ziren Munichen.

Talde ingelesak Bilbora egin zuen hurrengo bisita 1964an izan zen, Bizkaiko selekzio baten aurka aritzeko lagunarteko partida batean. Etxeko taldeak 1 eta 0 irabazi zuen Denis Lawren eta George Besten Manchester Uniteden aurka. 

Lehoiek eta Red Devilsek 20 urte geroago elkar ikusi zuten berriz, Riazorren. Partida, Teresa Herrera txapelketa ospetsuari zegokiona, ingelesek irabazi zuten Norman Whitesideren golarekin.