Landaluzek 2024ra arte berritu du

Landaluzek 2024ra arte berritu du

Orozkoko defentsak beste denboraldi baterako konpromisoa hartu du Athleticekin, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin

Athletic Clubek eta Naia Landaluzek (22 urte) akordioa sinatu dute futbolariaren kontratua denboraldi batez luzatzeko, 2024ko ekainaren 30era arte, beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Atzelaria denboraldi honetan estreinatu da lehen taldearen dortsalarekin. 15 partida jokatu ditu eta Reale Arenan golegile gisa estreinatzea lortu du.

Landaluze 2020-2021 denboraldian iritsi zen Lezamara, C taldean jokatzeko, eta, hala ere, Reto Iberdrolako taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat izan zen Klubean eman zuen lehen urtean. Bere lidergoa ezinbestekoa izan zen hurrengo urtean filialak mailari eusteko, izan ere, lehen taldearekin debuta egin zuen 2021eko ekainaren 22an FC Barcelonaren aurka Lezaman.

Nerabezaro adinean Pauldarrak taldean hezita, futbolean hasi zen Altzarraten eta Laudion. Landaluze defentsa oso fisikoa da, erdiko zein alboko atzelari gisa joka dezakeena, eta Estatu Batuetan esperientzia izan zuena unibertsitate mailan, Campbellsville Tigers taldean jokatzen, Kentuckyn, 2019-2020 urtean.

Ibaigane Jauregian egindako sinadura-ekitaldian, Jon Uriarte presidentea eta Xabi Arrieta emakumezkoen taldeen kirol-zuzendaria izan dira  jokalari zuri-gorriarekin. "Oso pozik nago Athletic Cluben jarraituko dudalako, beti amestu izan dudan lekuan. Fede osoa dut talde honetan, konfiantza osoa dut familia honetan", adierazi du Landaluzek.