
Tourrean errepideak zuri-gorriz janzteko deialdia
Tourrean errepideak zuri-gorriz janzteko deialdia
"Athletic Club eta txirrindularitza" erakusketak ateak ireki ditu San Mamesen
Klubaren 125. Urteurrenaren harirako ekitaldian eta Frantziako Tourraren Grand Depart-aren atarian, Athletic Club Museoak esposizio berri bat antolatu du, Athleticek eta txirrindularitzak historian zehar izandako harremana aztertzeko. Esposizioak ateak ofizialki ireki ditu jada eta 125. Urteurrenaren baitan ziklismoarekin lotutako bigarren ekimena da. Aurrenekoa maiatzean izan zen, Joane Somarriba eta Marino Lejarreta Klubeko enbaxadore izendatzean, euskal txirrindularitzaren eta zaletuen ordezkari ezin-hobe gisa. Biak ala biak euskal txirrindularitza osoari eta, bereziki, gure herriko zaletuei egindako omenaldi oso baten eroale gisa.
Inaugurazio ekitaldian, Athletic Clubeko zuzendaritza batzordeko kide Igor San Romanek nabarmendu duenez, "hasiera batetik oso argi izan genuen gure jarduna eta aurten Bilbon zein Euskal Herrian egitekoa den kirol ekitaldirik handienarekin lotu behar genuela. Eta hori, nola ez, Frantziako Tourraren irteera handia da. Gure urteurrena, Grand Depart delakoarekin eta txirrindularitzarekin orokorrean harremandu nahi dugu".
Hausnarketa horretatik tiraka, San Romanek azaldu duenez "Athleticek eta euskal txirrindularitzak elkarrekiko lotura historiko estua dute. Izan ere, ziklismoa maite duten euskal zaletuek Athletic Cluben baloreak modu ezin-hobean ordezkatzen dituzte, identitate zein izate sentimenduak partekatuz: Gure txirrindulariak bertako edozein lasterketatan bultzatuz eta Ardenetako Hirukoan, Flandriako bide-bazterretan, Roubaixen Iparraldeko Infernuari aurre egitean, Alpeetako zein Dolomitetako igoera malkartsuetan eta, gehien bat, uztaileko Pirinioak ikurrinekin atonduz".
Frantziako Tourrren abiatzea ardatz, "Euskal Herriko edozein pertsonak Athletic etxe gisa hartu dezakeen tokia dela" nabarmendu du San Romanek. Beraz, honako deialdia luzatu du: "Euskal Herriko errepideetan bilduko diren lagunek, maillot horia beharrean, elastiko zurigorria janztea nahi dugu. Zale zurigorri guztiak, kamiseta zurigorria soinean dutela, Tourrera joatea". Ekimen honen bitartez, Athleticen nahia "Bilbon badela gauzak modu ezberdinetara gauzak egin eta 125 urtez tinko eutsi duen talde bat dagoela munduratzea da".
Ordezkaritza instituzional zabala
Irekiera ekitaldian, erakunde ezberdinetako ordezkarien presentzia nabarmena izan da. Horiek horrela, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Jarduera Fisikoko zuzendari Gorka Iturriaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao eta Bilboko udaleko Garapen Ekonomikorako, Enplegu eta Komertzio zinegotzi Xabier Ochandiano eta Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Erroteta bertan egon dira. Hortaz gaindi, txirrindularitzari dagokionez, egun tropelean lehiatzen dauden Euskaltel-Euskadiko Andoni Madariaga eta Caja Rural-Seguros RGA-eko Alain Sanchez eta Jon Barrenetxearen parte hartzea izan da baita. Eurekin batera, dagoeneko erretiroa hartuta dauden Joane Somarribak, Marino Lejarretak, David Etxebarriak, Haimar Zubeldiak, Igor Astarloak, Igor Antonek, Iñaki Gastonek, Jon Unzagak edo Roberto Laisekak ez dute hitzordua galdu nahi izan.
Erakusketa posible egiten lagundu duten hainbat lagun ere San Mamesen egon dira. Euren artean, Federico Ezquerra, Francisco Cepeda, Jesús Loroño edo Cesario Sarduiren senideak.
Athletic Club Museoako zuzendari Asier Arratek azaldu duenez, Klubaren eta ziklismoaren arteko lotuta “aspalditik dator. Izan ere, Juan Astorquia, Athletic Clubeko presidente eta sortzaile izandakoa, bizikletazale amorratua izateaz gaindi, Espainiako Txirrindularitza Federazioko presidenteorde izatera ailegatu zen baita. Bestalde, Roger Moser, Klubeko Ohorezko bazkide, Sociedad Ciclista Bilbaina-ko bultzatzaileetako bat izan zen, Europako talderik zaharrenetako bat. Bertan, besteak beste, Vicente Blanco “El Cojo” aritu zen, Frantziako Tourrean parte hartzea lortu zuen aurreneko euskal herritarra.
Iragan mendeko 20. hamarkadan, Athletic Clubek, futbolaz haragoko bestelako kirol sekzioak abiatu zituen. Hala nola, atletismoa, alpinismoa, euskal pilota, hockeya, igeriketa edo txirrindularitza. 1924 eta 1929 bitarte, talde zurigorriak bizikleta gaineko lanak bete zituen, euskal egutegi ofizialeko lasterketarik esanguratsuenetan parte hartuz eta bazkideentzat beren-beregi sortutako probak antolatuz. Guztira, 20 karreristatik gora aritu zituen Athleticen txirrindularitza taldean. Euren artean, Federico Ezquerra bera, Frantziako Tourrean lautan aritutakoa, Galibierreko errekorra hiru aldiz hautsi zuena eta 1936ko uztailaren 19an Grande Bouclé-ko etaparen irabazlea. Francisco Cepedak, aldiz, bi urtetan zehar jantzi zuen Athleticen elastikoa eta Frantziako Tourrean hirutan parte hartu zuen. Bere ibilbidea modu tragikoan bukatu zen 1935eko edizioan pairatutako istripu hilgarriarekin. Bitxikeri gisa, Balendin Enbeita bertsolari ezaguna ere bizikleta gaineko talde zurigorriaren parte izan zela aipatzea. Eurekin batera, Julián Adrada, Justino Adrada, Antonio Arandia, José Arechavaleta, Domingo Arrieta, Segundo Barruetabeña, Ángel Errasti, Natalio Dorronsoro, Ángel Errasti, Juan Antonio Golzarri, Luis Grossocordón, Txomin Gutiérrez, Fernando Ibáñez, Victoriano Larrauri, Aurelio Miranda, Antonio Morga, Eduardo Rubio, Cesareo Sarduy, Jacinto Suarez, Andrés Urresola eta Adolfo Urrutia izan ziren talde ekipoko beste partaideak.
Futbolarekin lotutako hainbat uneekin batera, San Mamesek ere gozatu handiak hartu ditu txirrindularitzarekin. Hala izan zen La Vueltarekin 1960, 1961, 2019 edo 2020an eta hala izango da zirrara berezia eragin duen Tourreko irteerarekin. Katedralean, mito zurigorriek zaletuen aitortza jaso dute, baina ez dira bakarra izan. Txirrindularien kasuan, Jesus Loroñok, Eddy Merckx-ek, Marino Lejarretak, Miguel Indurainek, Roberto Laisekak, Iban Mayok, Igor Astarloak, Joane Somarribak, Javi Condek, Javier Otxoak, Samuel Sanchezek, Euskaltel-Euskadi taldeak edo Igor Antonek omenaldi ezberdinak jaso dituzte San Mamesen.
Guztia "Athletic Club eta Txirrindularitza" erakusketan islatzen da: Orain arte ikusi gabeko argazki eta dokumentuak egongo dira. Horien artean, 1896an inauguratu eta 5000 laguntzeko edukiera zuen Bilboko belodromoaren irudiak, Athleticen txirrindularitza taldeko garaikur guztiak, Federico Ezquerraren -Tourreko etapa bat irabaztea lortu zuen Hego Euskal Herriko lehen txirrindularia- edo Joane Somarribaren bizikletak. Sopeloztarraren kasuan, 2003ko munduko txapelketako erlojupekoa irabazteko erabili zuena hain zuzen ere.
Azkenik, gogoratzea, "Athletic Club eta txirrindularitza" esposizioa ez litzatekeela posible izango materiala eta objektuak utzi dituzten familiak gabe. Ondorioz, ezinbestekoa da eurei eskerrak ematea berriz.