1973ko Kopako txapeldunei omenaldia

1973ko Kopako txapeldunei omenaldia

Ekainaren 28an, Athletic Clubek aitortza ekitaldia egingo du San Mamesen

1973ko ekainaren 29an, Vicente Calderon futbol zelai zaharrean Lasa zein Zubiagaren golei esker, Club Deportivo Castellon taldearen aurkako finalean lortutako Kopako titulua eskuratu zenetik 50 urte betetzen direnean, Athletic Clubek orduko lehoiak omentzeko ekimen instituzionala burutuko du. Hitzordua, ekainaren 28an izango da San Mamesen (12:00etan), eta bertan CD Castellon klubaren ordezkaritza bat egongo da baita. Ekitaldiaren ostean, parte hartzaileek bazkari batez gozatu ahal izango dute.

1972-1973 denboraldiko lantaldeko jokalariei gonbidapena luzatu zaie eta Klubak hilik dauden jokalari ohien senideekin hitz egiteko beta izan du baita. Omenaldiaren bidez, txapeldunen liga aitortu eta, zoritxarrez, jada gure artean ez dauden zazpi lehoiak gogoratzeko beta egongo da.

Milorad Pavic entrenatzaile serbiarraren aginduetara, Jose Angel Iribar, Iñaki Saez, Felix Zubiaga, Agustin Guisasola, Daniel Astrain, Angel Maria Villar, Txetxu Rojo, José Angel Rojo II, Txema Lasa, Fidel Uriarte, Anton Arieta, Víctor Marro, Txutxi Aranguren, Jose Ramon Martínez Larrauri, Joseba Betzuen, Jose Mari Igartua, Rafa Viteri, Carlos Ruiz, Josu Ortuondo, Jose Mari Zuluaga, Juan Carlos Vidal, Javier Clemente, José Antonio Beitia, Ricardo Ibañez, José Miguel Aizpuru, Nico Estefano eta Miguel Navarro izan ziren lantaldea osatu zuten futbolariak. LaLigan bederatzigarren postua eskuratu ondoren, zaletuen zein jokalarien poztasunik handiena Koparen bidez iritsi zen.

Final zortzirenetan, Athletic Clubek Real Oviedo gainditu zuen. Ondoren, asturiarrak atzean utzita, Sevillan izan zen hurrengo aurkaria. Andaluziarren aurka, lehoiek kanporaketa bueltako partidan erabaki zuten gol sorta bikaina lortuta (5-2). Finalerdietan, CD Malaga taldearen kontra, Pavicek zuzendutako hamaikakoak garaipena eskuratu zuen San Mamesen (2-1). La Rosaledan, zuri-gorriek Vicente Calderonen jokatu beharreko finalerako txartela ziurtatu zuten Txema Lasa andoaindarrak azkeneko minutuetan sartutako tantoari esker.

Finala, Madrilen

Ekainaren 29an, ikusmin erraldoiaren baitan, Athleticen milaka zaletu Madrilera joan ziren. Partida telebista bidez zuzenean eskaini arren, sarrerak berehala agortu ziren eta guztira 17 milioi pezetako diru-bilketa egon zen. Zuri-gorrien garaipen gosea nabaria izan zen, tituluaren ospakizunetan argi geratu zen moduan. Partidan, lehoiak nagusi izan ziren, parean CD Castellon on bat topatu arren, Clares, Del Bosque edo Planellesen tankerako jokalariekin. Hala ere, Pavicen mutilek partida kontrolpean izatea lortu eta Kopa etxera ekarri zuten.

Serbiarrak honako hamaikakoa zelairatu zuen: Iribar atepean, Saez, Zubiaga, Guisasola eta Astrain atzeko lerroan, Villar eta Rojo II zelai erdian, Lasa eta Txetxu Rojo hegaletan eta Uriarte zein Arieta aurrelari gisa. Bigarren zatian, Txutxi Aranguren eta Carlos Ruiz irten ziren. Txema Lasak markagailua ireki zuen 27. Minututan eta atsedenalditik bueltan Felix Zubiagak finala erabaki zuen. Partidaren amaieran, zaletuen algara begi-bistakoa izan zen, zelaira salto eginez eta jokalari zuri-gorriak besoetan hartuz. 

Onena iristear zegoen, taldeak Madriletik Miranda de Ebrorako tren bidaia egin ostean, Durangon estaldurarik gabeko kamioia hartu zuen Bizkaia ia osoa zeharkatzeko: Amorebieta-Etxano, Galdakao edo Basauritik igaroz, Bilbora iritsi aurretik. Hiriburuko udaletxearen aurrean, garaiko kronikek diotenaren arabera, 25000 lagun bildu ziren jokalari zuri-gorriak agurtzeko. Pavicek AEBrako presidente Dwight Eisenhowerren kargu hartzean izandako oihartzunarekin alderatu zuen zale-zurrien pasioa.

Eraldaketa sozialaren gosea

Diktaduraren azkeneko urteak ziren eta herritarren askatasun gosea gero eta nabarmenagoa zen. Horren lekuko, Koparen garaipeneko ospakizunetan azaldutako ikurrinak, oraindik ere jazarriak zeuden arren. Kulturalki zein sozialki jarduera handiko garaiak izan ziren, euskararen Batuaren bultzadarekin, aurreneko ikastolen sorkuntzarekin edo euskal musika zein literaturaren loraldiarekin. Aldaketak ere Athleticera iritsi ziren, klubak bere izen ofiziala berreskuratzea lortu zuelako, hamarkadetan zehar “Atlético de Bilbao” deitura erabiltzera behartuta izan ostean. Jendarteak, zuri-beltzetik, koloretara egin nahi zuen salto, orduko telebista berrien antzera.

1973 urte oso berezia izan zen Athleticentzat, besteak beste bere 75. Urteurrena ospatu zuelako. Klubak hazkunde garaiak bizi zituen, modernizazio prozesu sakon batean murgilduta, Kopako garaipenak aldaketa horiei hauspoa eman zien. Lezamako instalazioak martxan jartzea edo San Mameseko Ekialde Harmailaren irekierak, jauzi kualitatiboa ekarri zuten, kirol prestakuntza hobetu eta bazkide gehiago erakartzeko. 

Futbolean ere eraldaketa handiak eman ziren eta uda horretan bertan jokalari atzerritarrak berriz fitxatzeko aukera izan zuten LaLigako taldeek. 1973ko merkatuan, besteak beste, FC Barcelonak Johan Cruyff fitxatu zuen, Valencia CF-k gauza bera egin zuen Salif Keitarekin. Zerrenda luze baten aurreneko izarrak izan ziren, txapelketaren historiako aro berri bati bide emanez. Hortaz gaindi, Athletic Clubek “oriundo” delakoen auziari aurre egin behar izan zion, ustez espainiar jatorria zuten jokalarien fitxaketa masiboari alegia. Hegoamerikatik etorritako jokalariek horiek, kasu askotan, egiazkoak ez ziren jatorriak argudiatzen zituzten.

Duela 50 urteko Kopako titulua garai berri bati ekiteko modu ezin-hobea izan zen. Orain, bost hamarkada beranduago, Klubak orduko protagonistak omendu, gure artean jada ez daudenak gogoratu (Aranguren, Arieta, Beitia, Estefano, Txetxu Rojo, Uriarte eta Zubiaga jokalariak, Pavic, Venancio, Biritxinaga eta Perdiguero teknikariak) eta Athleticen aro modernoko garaipenik handienetako bat oroitzeko beta izango du.

Eskerrik asko txapeldunak!