Ekainak 28: “Aldarrikapenerako eguna”
Athletic Clubek bere aldagelaren ateak ireki dizkio Jose Antonio Nielfa “La Otxoa”-ri
LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunaren harira, Athletic Clubek babesa azaldu nahi die euren sexualitatea zein maitasuna modu askean bizi nahi duten pertsona guztiei. Horiek horrela, Klubak gizonezkoen lehen taldeko aldagelaren ateak ireki dizkio Jose Antonio Nielfa, “La Otxoa”, artista, bazkide eta zale ezagunari. Sartu eta berehala, bertako armairu irekietan Athletic Clubeko jokalari historikoen elastiko retroak eskegita ikusi ditu. Guztien izenen azpian, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko banderarekin serigrafiatutako zenbakiak ageri ziren, “keinu polit eta ausarta” dela adierazi du Nielfak, “aldarrikatzeko eta harrotasunez bizitzeko” ekainak 28 berri baten atarian.
1947an jaioa, bere familiak taberna bat kudeatu zuen Bilboko San Frantzisko kalean, Santutxura leku-aldatu aurretik. Gaztetatik, Athleticeko pasioa azaltzeaz gaindi, garai hartan ukatzen ziren askatasunen bila aritu zen etengabe. Futbolean nabarmentzea lortu zuen, baina orduko aldageletako maskulinitate toxikoak zelaietatik aldendu zuen, botak takoiengatik eta lokatza eszenatokiengatik aldatuz. Hori bai, sekula ez du kolore zuri-gorriekiko duen maitasuna albo batera utzi.
Bere gaztaroaren parte handi bat Torremolinosen eta Bartzelonan igaro zuen, garaiko artista eta intelektualekin harremanak egin eta homosexualentzako gune askeak sortuz. Errepresioak La Modelo eta Karabantxelgo espetxeak ezagutzera eraman zuen eta, 1971 urtean, Bilboko taberna batean egindako sarekada batean berriz atxilotu zuten. Munduko beste txoko batzuetan ere ospe handia lortu zuen, bereziki Argentinan.
70eko hamarkadan, bere izenak leku bat egin zuen diktadurako iluntasunetik askatasunen kolore anitzetara igaro nahi zuen Bilbon. Berdeguneetan, Iribarrek Kortabarriarekin batera, 1976ko derbi ospetsuan, sostengatutako ikurrinak bidea irekitzen zuen eta, bestetik, Garden aretoko gauetan “La Otxoa”-k emandako kontzertuek garai berri baten etorrera iragartzen zuten. Hori bai, bere benetako eztanda soziala “Libérate” abestiarekin eta Aste Nagusiaren aurreneko urteetan Areatzako txosnetan eskainitako emanaldi mitikoei esker iritsi ziren. Handik gutxira, Imanol Uribek zuzendutako “Mikelen heriotza” filmean, Athleticen elastikoa jantzita, bere bihotzeko taldeari eskainitako kanta abesten azaldu izanak ere inpaktu handia izan zuen baita.
Apurtzailea, transgresorea, kontrakulturala eta konprometitua, bere ibilbidean zehar hainbat ertz jorratu ditu. Kasurako, Korrikaren lehenengo edizioetan ohikoa izan zen LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko mugimenduen lekukoa eramaten ikustea. Horrekin batera, ostalaritzan ere aritutakoa da, Alde Zaharrean zein Abandon, eta ezaguna da berak kudeatutako tabernetako paretek hiriko hainbat sekretu gorde dituztela. Asteburuetan, aldiz, San Mamesen duen hitzorduarekin leial mantendu da hamarkadetan zehar. Haurtzaroan, 1958ko Kopako txapeldunak ikusi zituen, Jose Angel Iribar eta Fidel Uriarteren jarraitzaile sutsua eta 1983an Kanariar Uharteetan LaLiga irabazi zuen taldearekin bidaiatu zuen. Egun, emakumezkoen taldearen defendatzaile porrokatua da eta, etorkizunera begira, Oihan Sancet bezalako futbolariengan itxaropen handiak jarrita ditu.
Egun, mundu osoan zehar, indarra hartzen ari diren diskurtso eta jarrera murriztaileen aurrean, itxaropenari eusteko dei egiten du, bere belaunaldiak hainbatetan sostengatutako esperantzaren ideiari tinko eutsiz eta gazteen konpromisoari interpelazio zuzena eginez. LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko besokoa jantzia, dagoeneko Athletic Club Museoa-ren bildumaren parte dena, eta Klubaren jokalari mitikoen elastikoekin inguratuta zabaldutako mezu indartsuari lotuz. Zeinen bitartez, Athletic Clubek pertsona guztiek aske maitatzeko, adierazteko, sentitzeko eta bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu eta babestu nahi ditu.