Mende erdia eta betiereko eskertza

Mende erdia eta betiereko eskertza

Athletic Clubek 1973ko Kopako txapeldunak omendu ditu

50 urte atzera, 1973ko ekainaren 29an, lehoiek Kopako titulua altxatu zuten, historian hogeitairugarren aldiz, Club Deportivo Castellon taldea bi eta zero mendean hartu ondoren. Garaipenak algara sortu zuen berdegunean, harmailetan, aldagelan eta, ondoren, Bilboko kaleetan burututako ospakizun erraldoian. Orain, mende erdi beranduago, Athletic Clubek talde horretako kideak omendu ditu, jada gure artean ez dauden jokalariekiko aitortza bereziarekin.

San Mameseko Ipar Aretoan egindako ekitaldian, Club Deportivo Castellon taldeko ordezkaritza bat egon da: Manolo Clarés, 1973ko finalean parte hartu zuen futbolari mitikoa, eta Jose Maria Arquimbau, Castelló hiriko kazetari ezaguna eta talde zuribeltzeko mendeurreneko batzordeko kidearen presentziarekin. Halaber, CD Castellón-eko zuzendaritza batzordeko kide Simon Taylorrek ere eskertza mezua helarazi dio Athletic Clubi. Baita 1973ko finalean, elastiko zuribeltzarekin, parte hartu zuen Vicente Del Bosquek ere.

Ekimenean zehar, Klubak «betiereko eskertza» azaldu die bost hamarkada atzera Kopan garaipena erdietsi zuten jokalari zein teknikariei. San Mameseko hitzorduan, Angel María Villar, Daniel Astrain, Carlos Ruiz, Javier Clemente, Jose Mari Igartua, Jose Miguel Aizpuru, Juan Carlos Vidal, Miguel Navarro, Rafa Viteri, Txema Lasa eta Víctor Marro egon dira. Eurekin batera, Felix Zubiaga, Fidel Uriarte, Jose Angel Iribar, Natxo Biritxinaga eta Jose Angel zein Txetxu Rojoren senideek ere omenaldian parte hartu dute. Guztiei, Athletic Clubek euren izen eta zenbakiekin serigrafiatutako retro estiloko kamiseta bat oparitu die, «Txapeldunak» modelokoa, 1973ko finalean inspiratutakoa hain zuzen ere.

Aipatzea, arrazoi ezberdinengatik bertaratu ezin izan duten jokalariei edo euren senidei, Klubak elastikoa bidaliko die. Denek, modernitatearen ateak ireki zituen talde horri egindako aitortza ekitaldia zinez eskertu dute.

Milorad Pavic entrenatzaile jugoslaviarraren aginduetara

Jose Angel Iribar, Iñaki Saez, Felix Zubiaga, Agustin Guisasola, Daniel Astrain, Angel Maria Villar, Txetxu Rojo, José Angel Rojo II, Txema Lasa, Fidel Uriarte, Anton Arieta, Víctor Marro, Txutxi Aranguren, Jose Ramon Martínez Larrauri, Joseba Betzuen, Jose Mari Igartua, Rafa Viteri, Carlos Ruiz, Josu Ortuondo, Jose Mari Zuluaga, Juan Carlos Vidal, Javier Clemente, José Antonio Beitia, Ricardo Ibañez, José Miguel Aizpuru, Nico Estefano eta Miguel Navarro izan ziren lantaldea osatu zuten futbolariak. LaLigan bederatzigarren postua eskuratu ondoren, zaletuen zein jokalarien poztasunik handiena Koparen bidez iritsi zen.

Final zortzirenetan, Athletic Clubek Real Oviedo gainditu zuen. Ondoren, asturiarrak atzean utzita, Sevillan izan zen hurrengo aurkaria. Andaluziarren aurka, lehoiek kanporaketa bueltako partidan erabaki zuten gol sorta bikaina lortuta (5-2). Finalerdietan, CD Malaga taldearen kontra, Pavicek zuzendutako hamaikakoak garaipena eskuratu zuen San Mamesen (2-1). La Rosaledan, zuri-gorriek Vicente Calderonen jokatu beharreko finalerako txartela ziurtatu zuten Txema Lasa andoaindarrak azkeneko minutuetan sartutako tantoari esker.

Finala, Madrilen

Ekainaren 29an, ikusmin erraldoiaren baitan, Athleticen milaka zaletu Madrilera joan ziren. Partida telebista bidez zuzenean eskaini arren, sarrerak berehala agortu ziren eta guztira 17 milioi pezetako diru-bilketa egon zen. Zuri-gorrien garaipen gosea nabaria izan zen, tituluaren ospakizunetan argi geratu zen moduan. Partidan, lehoiak nagusi izan ziren, parean CD Castellon on bat topatu arren, Clares, Del Bosque edo Planellesen tankerako jokalariekin. Hala ere, Pavicen mutilek partida kontrolpean izatea lortu eta Kopa etxera ekarri zuten.

Serbiarrak honako hamaikakoa zelairatu zuen: Iribar atepean, Saez, Zubiaga, Guisasola eta Larrauri atzeko lerroan, Villar eta Rojo II zelai erdian, Lasa eta Txetxu Rojo hegaletan eta Uriarte zein Arieta aurrelari gisa. Bigarren zatian, Txutxi Aranguren eta Carlos Ruiz irten ziren. Anton Arietak markagailua ireki zuen 27. minututan eta atsedenalditik bueltan Felix Zubiagak finala erabaki zuen. Partidaren amaieran, zaletuen algara begi-bistakoa izan zen, zelaira salto eginez eta jokalari zuri-gorriak besoetan hartuz. 

Onena iristear zegoen, taldeak Madriletik Miranda de Ebrorako tren bidaia egin ostean, Durangon estaldurarik gabeko kamioia hartu zuen Bizkaia ia osoa zeharkatzeko: Amorebieta-Etxano, Galdakao edo Basauritik igaroz, Bilbora iritsi aurretik. Hiriburuko udaletxearen aurrean, garaiko kronikek diotenaren arabera, 25000 lagun bildu ziren jokalari zuri-gorriak agurtzeko. Pavicek AEBrako presidente Dwight Eisenhowerren kargu hartzean izandako oihartzunarekin alderatu zuen zale-zuri-gorrien pasioa.

Eraldaketa sozialaren gosea

Diktaduraren azkeneko urteak ziren eta herritarren askatasun gosea gero eta nabarmenagoa zen. Horren lekuko, Koparen garaipeneko ospakizunetan azaldutako ikurrinak, oraindik ere jazarriak zeuden arren. Kulturalki zein sozialki jarduera handiko garaiak izan ziren, euskararen Batuaren bultzadarekin, aurreneko ikastolen sorkuntzarekin edo euskal musika zein literaturaren loraldiarekin. Aldaketak ere Athleticera iritsi ziren, klubak bere izen ofiziala berreskuratzea lortu zuelako, hamarkadetan zehar “Atlético de Bilbao” deitura erabiltzera behartuta izan ostean. Jendarteak, zuri-beltzetik, koloretara egin nahi zuen salto, orduko telebista berrien antzera.

1973 urte oso berezia izan zen Athleticentzat, besteak beste bere 75. Urteurrena ospatu zuelako. Klubak hazkunde garaiak bizi zituen, modernizazio prozesu sakon batean murgilduta, Kopako garai-penak aldaketa horiei hauspoa eman zien. Lezamako instalazioak martxan jartzea edo San Mameseko Ekialde Harmailaren irekierak, jauzi kualitatiboa ekarri zuten, kirol prestakuntza hobetu eta bazkide gehiago erakartzeko. 

Futbolean ere eraldaketa handiak eman ziren eta uda horretan bertan jokalari atzerritarrak berriz fitxatzeko aukera izan zuten LaLigako taldeek. 1973ko merkatuan, besteak beste, FC Barcelonak Johan Cruyff fitxatu zuen, Valencia CF-k gauza bera egin zuen Salif Keitarekin. Zerrenda luze baten aurre-neko izarrak izan ziren, txapelketaren historiako aro berri bati bide emanez. Hortaz gaindi, Athletic Clubek “oriundo” delakoen auziari aurre egin behar izan zion, ustez espainiar jatorria zuten jokalarien fitxaketa masiboari alegia. Hegoamerikatik etorritako jokalariek horiek, kasu askotan, egiazkoak ez ziren jatorriak argudiatzen zituzten.

Duela 50 urteko Kopako titulua garai berri bati ekiteko modu ezin-hobea izan zen. Orain, bost hamarkada beranduago, Klubak orduko protagonistak omendu, gure artean jada ez daudenak gogoratu (Aranguren, Arieta, Beitia, Estefano, Txetxu Rojo, Uriarte eta Zubiaga jokalariak, Pavic, Venancio, Biritxinaga eta Perdiguero teknikariak) eta Athleticen aro modernoko garaipenik handienetako bat oroitzeko beta izango du.

Eskerrik asko txapeldunak!