
"Helburua Real Madrili irabaztea da, eta gero hurrengoei"
"Helburua Real Madrili irabaztea da, eta gero hurrengoei"
Valverdek komunikabideen galderei erantzun die denboraldiko lehen prentsaurrekoan
Ernesto Valverdek denboraldiko lehen prentsaurrekoa eskaini du gaur Lezaman. Denboraldiko helburuaz galdetuta, entrenatzaile zuri-gorriak irmo erantzun du: "Helburua lehen jardunaldian Real Madrili irabaztea da eta, ondoren, irabazten jarraitzea".
Valverdek taldea sasoi onean ikusten du, "une batzuetan lan-kargaz sufritzen, sei egunetan ez baikara gelditu zama eta erresistentzia lanarekin, baina hori da orain dagokiguna". Iñigo Ruiz de Galarretaren fitxaketari buruz, entrenatzaileak adierazi du: "Asko espero dugu harengandik, esperientzia eta kalitatea duen jokalaria da, asko lagundu ahal digu".
Txingurrik Asier Villaliberi buruz ere hitz egin du: "Ondo joan zaio eta oso pozik gaude, berari ondo joaten bazitzaion ondo joango baitzitzaion Athletici. Asier gurekin edukitzeko ideia dugu".
Bukatzeko, Athleticeko entrenatzaileak adierazi duenez, "munduko talde batek ere ez luke bere taldea itxitzat emango uztailerako. Merkatua zelan doan ikusiko dugu. Defentsan irteera garrantzitsua izan dugu, baina posizio horretan joka dezaketen jokalariak ere baditugu".
21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin jokatu duten jokalariei dagokienez, Valverdek jakinarazi du atseden hartzeko oporrak dituztela uztailaren 29ra arte: "Ia urtebete daramate gelditu gabe".
Azkenik, Valverdek Athleticek Osasunaren, UEFAren eta Conferene Leaguearen kasuan izan dezakeen harremanari buruz hainbat eragilek zabaldutako mezuei buruz erantzun die: "Ez dugu ezer esateko, guri ez dagokigulako, Osasunaren arazoa delako eta ez daukagulako zerikusirik, beraiei dagokie txapelketa jokatzea eta kito; guk geureari, LaLiga eta Kopa prestatzeari. Gezurra da gai horrekin zerikusirik dugunik, albiste faltsu hori atera duenak Osasunako zaleak gure aurka jarri nahi ditu eta ez du Athletic ezertan ezagutzen, ez zaigu batere interesatzen".