Euren bizitzetako neurketa
Padilla-Perez familiak amets handi bat bezala bizi du Alexen presentzia Mexikoko biran, Athleticeko atezainak bere lehen zazpi urteak eman zituen bizilekuan
Alex Padilla amets bat ari da betetzen bira honetan. Eta are gehiago bere familia mexikarrak, hunkituta bere semea, iloba eta lehengusua zuzenean jokatzen ikusteaz atezain zuri-gorriak bere bizitzako lehen zazpi urteak igaro zituen herrialdean. Izan ere, Alex Zarautzen jaio zen, eta handik hiru hilabetera, bere gurasoek, Iñakik eta Armidak, Chihuahuako Camargo udalerrira joatea erabaki zuten. Han, Pereztarrak sustraituta daude, Guadalajaratik mila kilometro baino gehiagora, eta hara joan dira. Bere aita, Iñaki Padilla bergararra, Mexikora joan zen espedizio zuri-gorriarekin eta ezin izango da Aguascalienteseko neurketara joan. Akron zelaiaren irudia betiko izango du gordeta.
Ez zen Alexek Athleticekin jokatu zuen lehen lagunartekoa izan, aurreko udan estreinatzeko zortea izan baitzuen, baina denetan bereziena balitz bezala egin zion aurre. Pena penaltietan heroi bihurtu ez izana, baina esperientziak merezi izan du. Denek emozioz beterik bizi izan zuten. Mexikon jokatzen ikusteko itxaron beharreko urteak izan dira, Chivasekin lortutako laguntasun handiak ahalbidetu du. Perez familiak harrera beroa egin zion aireportuan, eta euren bizitzako partida balitz bezala gozatu dituzte aurreko orduak. Necaxaren aurkakoa geratzen zaie oraindik.
"Opari bat da, esperientzia ahaztezina", esan du hunkituta protagonista nagusiak. Atezainak motibazio kutsu bat jaso du Bilbao Athleticekin urte gogorra igaro ondoren. "Zaila da sentitzen ari garena azaltzea", esan dio Athletici Iñakik, Armida herrialde aztekara egindako bidaia batean ezagutu baitzuen. "Nire semeak beti izan nahi zuen atezain", dio pozik amak. Guadalajara eta Akron tatuatuta izango ditu bihotzean.